Usaina, besteetatik bereizten gaituena
2007/01/28 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Baina zertan bereizten dira, bada, gorputzeko usainak ? Bada, funtsean, gorputzeko usainak bi multzo handitan bereizten omen dira: emakumeenak eta gizonezkoenak. Kontuan izan behar da gorputz batek duen usaina nahaste bat dela berez; oro har, izerdiak izan ditzakeen milaka konposaturen konbinazioaren eta proportzioaren araberakoa da. Bada, emakumeen usaina nagusiki konposatu batzuek osatzen dute, eta gizonezkoena beste batzuek.
Koktel bereizgarria
Oinarri-oinarrian laurehun konposatuk osatzen omen dute gizabanakoaren usaina. Ondorio hori atera dute, behinik behin, Vienan egin duten ikerketa batean. 197 lagunen usaina aztertu dute, eta, horretarako, izerdi-, gernu- eta listu-laginak hartu zizkieten hamar astez.
Lagin horietan jasotako konposatu hegazkorrak identifikatu zituzten (hegazkorrak behar dute izan, lurrintzean usaina horiek osatzen dutelako). Berez, lagun bakoitzaren usaina osatzen duen konposatuen multzoa beti ez dela bera ikusi zuten; aldatu egiten da eguneroko jardueren arabera, jandakoaren arabera, esate baterako. Baina ba omen dira oinarrizko konposatu batzuk aldatzen ez direnak: oinarrizko laurehun konposatu haiek, hain zuzen ere.
Beraz, uste dute laurehun konposatu horien konbinazioak osatzen duela gizabanako bakoitzaren usain bereizgarria. Baina, hala ere, horrek ez du esan nahi norbanakoaren usaina jendea bereizteko erabil daitekeenik. Berez, egunero-egunero bereizten dugu jendea usainagatik (nahiz eta ohartu ez), baina horrek ez du esan nahi hatz-markaren antzera erabil litekeenik usaina.
Usain hau atsegin dut
Bestalde, gizakion usaimena ez da aparteko dohain bat , beste animalia batzuek askoz usaimen hobea dute, eta gehiago erabiltzen dute eguneroko bizitzan. Baina, hala ere, erabaki batzuetan berebiziko garrantzia du. Esate baterako, bikotea aukeratzeko garaian ere berebiziko eragina omen du usaimenak.
Beste animalia gehienek , txakurrak esaterako, usaimen hobea dute gizon-emakumeok baino.
Bikotearen usainak erakarri egiten du bat, ohartu gabe bada ere. Teoria baten arabera, gustuko usaina norberaren immunotipoaren araberakoa da, hau da, sistema immunologikoaren araberakoa. Uste da immunotipo desberdina duenbikotearen usainak erakargarriagoak egiten zaizkiola bati; hala, bikote horrekin izango dituen haurrek bien sistema immunologikoa jasoko dute, babes handiagoa izango dute. Posible da senaren azalpenetako bat horixe izatea.
Emakumearen senari eragiten dion konposatuetako bat androstenola da, adibidez. Androstenola gizonaren izerdian dago, eta emakumearentzat erakargarria da, izerdia berria denean behinik behin; izan ere, konposatu hori denborarekin oxidatu egiten da, eta usain erakargarria zena nazkagarri bihurtzen da.
Beraz, usain-kontuak, ezezagunak izateaz gain, nahiko konplikatuak dira. Ez ahaztu, gainera, gustu askotariko jendea dagoela. Seguruenera ez dira egongo usain bera duten bi lagun, baina ezta usain berak gustuko dituzten bi lagun ere.
7K-n argitaratua.