Usaina "ikusiz"
1999/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bideo-teknika berriek lagunduta, neurobiologoek laborategiko arratoien garuneko irudi zehatzak lortu dituzte, arratoiek usain-molekulak jasotzen zituzten unean. Usaimenarena lengoaia sofistikatua da oso, garunak baino uler ezin dezakeena. Beraz, usaintze-jarduerak nolako itxura duen "ikusi" nahi bada, arreta berezia eskaini beharko zaio horren jokaerari. Usaimeneko erreboilak "glomeruli" izeneko egiturez (bakoitzak 2.000 inguru ditu) bilduta daude eta sudurreko hartzaileen seinaleak jasotzen dituzte ondoren garunak interpreta ditzan.
Seinalea hartzeko prozesua filmatzeko oxigeno-kontsumoan oinarritu dira ikerlariak; izan ere, zelula aktiboek oxigeno gehiago kontsumitzen baitute eta oxigenoa daraman hemoglobinak, era berean, argi gorri gutxiago xurgatzen du. Horrela zenbait koloretako mapa lor daiteke eta usain bakoitzarekin zein eskualde aktibatzen den ikusi.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia