Usainik gabeko gasolina
2001/04/24 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Gustuak gustu, jende askori iruditzen zaio gogaikarria gasolina-usaina, baina autoaren tanga betetzea tokatzen den bakoitzean ez dago usaina hartu beste aukerarik. Tangan sartzen den litro bakoitzeko, gramo bat erregai isurtzen da airera gas-eran. Baina usainaz gain, gasolinaren osagaiek bestelako kalteak eragin ditzakete. Hidrokarburoek smoga areagotzen dute eta konposatu aromatiko asko kartzinogenoak direla eta leuzemia eragin dezaketela susmatzen da.
Adibidez, metil-t-butil eter (MTBE) gehigarria usainduta ondoezik sentitu diren pertsonen kasuak ezagutzen dira eta animaliekin egindako zenbait esperimentutan tumoreak eragiten dituela ikusi da. MTBEak usain bizia ematen dio gasolinari, baina zerbait gehiago ere bai.
Hala ere, ez dago zehaztuta gasolinarekin batera zenbat gas isur daitekeen. Arauak tokian tokikoak dira, baina ez dago gomendio orokorrik. Alemanian eta Estatu Batuetan, esaterako, zenbait gasolina-zerbitzugunek gasak xurgatzeko sistemak dauzkate. Hutsa egiten duten ponpez baliatzen dira gehiegizko gasa xurgatzeko, baina ponparik indartsuenak ere ezin dio lurrunaren hiru laurdenari baino gehiagori eutsi.
Sistema ahaltsuagoa Alemaniako gobernuaren GKSS Ikerketa Zentroan garatu dute. Unean isurtzen ari den gasolina likidoa baino 1,5 bider aire gehiago xurgatzen du sistemak eta tangako lurrunaren % 5 besterik ez da irteten. Berreskuratzen den lurruna tangaren goialdean pilatzen da eta, presioa handiegia denean, siliziozko geruza
erdiragazkor baten zehar irteten da. Silizioak hidrokarburoak adsorbatzen ditu eta atmosferara aire garbia besterik ez da isurtzen. Prozesuan ez da gasolinarik galtzen, oreka fisiko-kimiko batzuei esker, hidrokarburoak berriz ere tangara erortzen baitira.
Sistema martxan dago dagoeneko Alemaniako 9 zerbitzugunetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia