Uste baino loredun landare gehiago
2002/06/26 Elhuyar Zientzia
Lurrean lorea duten 422.000 landare-espezie omen daude. Orain arte adituek uste zuten loredun landare-espezieak 270.000 eta 320.000 artean izan zitezkeela, baina David Bramwell botanikariak eta kontserbazionistak ekaineko Plant Talk aldizkari espezializatuan aurreko zifra eman du.
Botanikari britaniarrak dioenez, egin duen kalkuluak argi erakusten du landareen dibertsitateari buruzko inbentarioa osatu beharra, espezie horietako asko habitata desagertzen ari den tokietan daudelako, Tropikoetan eta Mediterraneoan. "Landareen erreinua uste genuena baino askoz ere aberatsagoa da; horregatik, lehen baino premia handiagoa dugu espezieak identifikatzeko eta sailkatzeko". Bramwell-en arabera, espezie gehiago egoteak larriagoa egiten du galtzeko arriskuan dauden landareen egoera; 94.000ren bat bere ustez.
Kalkulu berria egiteko, David Bramwell-ek mundu osoko flora-eskualdeak hartu ditu kontuan. Horietako bakoitzeko flora-katalogo osoena aukeratu du eta horri hangoak baino ez diren landareak gehitu dizkio. Horrela atera du mundu osorako 422.000 landare-espezieren datua.
Apirilean mundu osoko gobernuek landareak kontserbatzeko estrategia onartu zuten; alegia, espezie guztien identifikazioa eta horien habitaten kontserbazioa. Datu berriek areagotu egin dute estrategia horren premia, landare-espezie gehien desagertzeko arriskuan dauden habitatetan bizi baitira, tropikaletan esate baterako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia