}

Uste baino panda gehiago

2006/06/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Panda hartza (Ailuropoda melanoleuca)WWF erakundearen ikurra da. Animalia horren irudia baliatu du erakundeak jendeari ohartarazteko zenbait espezie galtzeko zorian daudela, eta beharrezkoa dela haiek eta haien bizilekua babestea.

Orain, panda zientzia-albisteen protagonista bihurtu da berriro. Izan ere, zientzialariek uste zuten baino panda hartz gehiago daude Wanglang natura-erreserban, hau da, Txinako panden erreserba esanguratsuenean.

Azken zenbaketa 1998an egin zuten, eta ordutik populazioa bikoiztu egin dela dirudi. Hala ere, zenbatzeko erak ere izan dezake eragina. Hain zuzen, panda hartzak zenbatzeko gorotzetan oinarritzen dira. Lehen, gorotzetan zeuden hondakinen arabera identifikatzen zituzten animaliak; orain, ordea, askoz ere zehatzagoak izan dira, gorotzen mukian dagoen DNA aztertu baitute. Horrela jakin dute 66 panda daudela, 35 ar eta 31 eme.

Zoologoek ez dakite kopuru hori nahikoa ote den espeziea galtzeko arriskutik libratzeko, baina poztu egin dira, egoera uste baino hobea dela erakutsi baitu egin berri duten ikerketak. Cardiff Unibertsitateak zuzendu du ikerketa, eta emaitzak Current Biology aldizkarian argitaratu dituzte.

Argazkia: WWF-Canon/M.Gunther