Ustez bakterioak bakarrik bizi ziren sakoneran, zizareak
2011/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hegoafrikako Beatrix urre-meategian, lurrazaletik 1,3 kilometrora, tenperatura 40 ºC-koa den sakoneran eta oxigeno-kontzentrazioa azalean baino dezente txikiagoa den ingurunean, lau nematodo-espezie aurkitu dituzte. Sakonera horretan aurkitu diren lehenengo izaki zelulaniztunak izan dira; ordura arte, han bakterioak baino ezin zirela bizi uste zuten zientzialariek. Lau espezieetatik bat, gainera, inoiz deskribatu gabeko nematodoa da; Halicephalobus mephisto izena eman diote. Beste hirurak espezie ezagunak ziren, baina sekula ez zituzten aurkitu kondizio horietako inguruneetan. Nature aldizkarian argitaratu dituzte aurkikuntzaren emaitzak.
Sakonera horretan bakterioek eratzen dituzten biofilmez elikatzen dira milimetro-erdiko zizare-itxurako animalia horiek. Laborategian hazi zituztenean, zientzialariak ohartu ziren beren habitatean hazten diren bakterioak nahiago zituztela jateko, eta horrek pentsarazi die komunitate sendoak eratzen dituztela, eta ekosistema erabat funtzionalak direla.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia