}

Vaccinia birusa: berekoia bai, baina lagunkoia ere bai

2010/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Vaccinia birusa: berekoia bai, baina lagunkoia ere bai
2010/03/01 | Elhuyar
Vaccinia birusaren mikroskopio elektroniko bidezko irudia. Arg.: CDC/Cynthia Goldsmith.

Infektatutako zelulan birus gehiago sartzea eragoztearekin bat, infekzioari hedatzen laguntzen diola jakin dute

Vaccinia birusak zelula bat infektatzen duenean, egitura bat sortzen du, gainerako birusek zelula bera infektatzea galarazteko. Mikrobiologoek orain frogatu dutenez, beste ondorio bat ere badakar horrek: gainerako birusei beste zelulak infektatzen laguntzen die. Horrenbestez, espero baino azkarrago hedatzen da infekzioa.

Hain juxtu, hortik abiatu zen Londresko Imperial Collegeko mikrobiologoek egin duten ikerketa. Vaccinia birusak baztanga sortzen duenaren antz handia du, baina ez du gaitzik sortzen gizakietan. Hala ere, antzekotasun hori oso baliagarria izan da medikuntzan, horretaz baliatu baitziren baztangaren aurkako txertoa sortzeko. Eta gaur egun ere birusa ikertzen jarraitzen dute, beste gaitz batzuen aurkako txertoak garatzeko helburuarekin.

Hala, Londresko mikrobiologoak konturatu ziren bere erreplikazio-zikloaren arabera espero zitekeena baino lau aldiz azkarrago hedatzen dela birusa. Ikertzen jarraituta, ikusi zuten vacciniak bi proteina ekoizten dituela zelula bat infektatu eta berehala. Proteina horiek egitura bat sortzen dute zelularen azalean, eta horrek eragotzi egiten die beste birusei zelula berera sartzea; hau da, superinfekzioa galarazten dute.

Hain zuzen, beste birus batzuk iristen direnean zelula horretara, beste proteina batek, aktinak, beso luze batzuk sortzen ditu, eta, horien bidez, bidali egiten dituzte birusak. Horri esker, bestela baino azkarrago hedatzen da infekzioa.

Ikertzaileek Science zientzia-aldizkarian argitaratu dute lana, eta beste birus batzuek ere antzeko estrategia erabil dezaketela adierazi dute, herpes birus arruntek, esaterako.

1
262
2010
3
011
Mikrobiologia; Medikuntza
Albisteak
14

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia