}

Van Gogh zientzialarien begietan

2006/07/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientzialarientzat, Vincent Van Gogh ek interes berezia du. Haren lanak kolorez eta mugimenduz beteak daude, eta, nolabait, artistaren izaeraren isla dira. Jakina da Van Gohek arazo psikiatrikoak zituela: krisi ugari izan zituen eta, azkenean, 1890ean bere buruaz beste egin zuen. Zientzialariak behin baino gehiagotan saiatu izan dira haren egoeraren eta adierazpen artistikoaren arteko erlazioa aztertzen.

Autorretratua piparekin eta belarria lotuta. Garai hartan egin zituen koadroen aldean, hau erabat lasaia da

Adibidez, bere buruaz beste egin baino lehenagoko lan batzuetan — Gau izartsua (1889), Bidea altzifre eta izarrekin (1890) eta Gari-soroa beleekin (1890) ―, zeru zurrunbilotsuak ageri dira. Aldiz, 1988an margotu zuen autorretratuan ez da halakorik agertzen.

Autorretratua piparekin eta belarria lotuta da koadro horren izenburua, eta aipatutako besteak baino askoz ere lasaiagoa da. Van Goghek berak adierazi zuen koadro hori egin zuenean erabat bare zegoela. Antza denez, belarria moztu zuenean, potasio bromuroa eman zioten, eta horren eraginpean margotu zuen koadroa.

Besteak egin zituenean, ordea, ez zegoen hain lasai. Aitzitik, krisi psikotikoak izaten zituen, eta orduan haluzinazioak izaten zituen eta konortea galtzen zuen. Epilepsia ere bazuen.

Fisikarien ustez, nahasmendu horrek zurrunbiloak irudikatzeko gaitasuna eman zion Van Goghi, eta ez nolanahi, gainera: frogatu dutenez, fluxu zurrunbilotsuaren teoria azaltzen duen ekuazioarekin bat egiten dute!

Kolmogoroven ekuazioa

Gau izartsua lanean azaltzen diren zurrunbiloak ekuazio matematikoarekin bat datozela frogatu dute.

Zientzialariek mendeak behar izan dituzte fluxu zurrunbilotsua deskribatzeko, ez baita batere erraza. Egin kontu: batzuen ustez, zurrunbiloen fisika mekanika kuantikoa bera baino konplexuagoa da. Oraindik erabat azaldu gabe dago, baina gaur egungo teoria Andrei Kolmogorov zientzialariak 1940ko hamarkadan egindako lanean oinarritzen da.

Fluxuan dauden bi punturen, edozeinen, arteko abiadura-diferentzia jakiteko probabilitatea zein den azaltzen du Kolmogoroven ekuazioak. Orain, Van Goghen zurrunbiloek ekuazio horrekin bat ote datozen aztertu dute fisikariek.

Horretarako, koadroen irudi digitalak hartu dituzte, eta kalkulatu dute zer probabilitate duten bananduta dauden bi pixelek distira edo argitasun bera izateko. Hala, Van Goghek margotutako zurrunbiloetan argitasunaren banaketa Kolmogoroven ekuazioaren araberakoa dela frogatu dute.

Fisikariak ez dira hor gelditu, eta beste margolari batzuen koadro zurrunbilotsuak ere aztertu dituzte, horiek ere Kolmogoroven ekuazioa betetzen ote duten jakiteko. Baina badirudi Van Gogh bakarra zela horretan. Adibidez, zurrunbiloen antzeko egitura ugari azaltzen dira Eduard Munchen Garrasia koadroan. Horietan, ordea, argitasunaren banaketa ez dator bat Kolmogoroven ekuazioarekin.

Kolorearen arrazoia

Absenta gehiegi hartzeagatik erabiliko ote zuen hainbeste kolore horia Van Goghek?
(Argazkia: Al Rose)

Zurrunbiloei ez ezik, koloreari ere jarri diote arreta zenbait zientzialarik. Hain justu, Van Goghek kolore horia zergatik erabiltzen zuen hainbeste jakin nahi izan dute Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile batzuek.

Dirudienez, Van Goghek epilepsia zuen, eta gaitza tratatzeko ematen zioten botikak albo-ondorio bat zuen: xantopsia sor zezakeen, hau da, dena hori-kolorekoa ikustea. Eragin bera du absenta gehiegi edateak ere. Absenta garai hartako modako edaria zen artisten artean, eta Van Gogh ere zalea zen.

Ikertzaileen arabera, oso litekeena da bai botikak bai edariak edota biak elkarrekin eragin zuzena izatea Van Goghen lanetan. Hain zuzen, kolore horia protagonista zen haren koadro gehienetan, eta etxea bera ere erabat horiz margotuta zuen. Ez kasualitatez, nonbait.

Deia-n argitaratua.