}

Van Goghen zurrunbilo matematikoak

2006/07/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Vincent Van Goghen lanetan, kolorea eta mugimendua nabarmentzen dira. Bere buruaz beste egin baino lehenagoko lan batzuetan —Gau izartsua (1889), Bidea altzifre eta izarrekin (1890) eta Gari-soroa beleekin (1890) ―, zeru zurrunbilotsuak ageri dira. Badirudi zurrunbiloak artistaren egoeraren isla direla, garai hartan krisi psikotikoak izaten baitzituen. Orain, zurrunbilo itxuraz kaotiko horiek perfektuak direla frogatu dute Mexikoko Unibertsitateko fisikariek.

Zientzialariek mendeak behar izan dituzte fluxu zurrunbilotsua deskribatzeko, ez baita batere erraza (batzuen ustez, mekanika kuantikoa bera baino konplexuagoa da). Oraindik erabat azaldu gabe dago, baina gaur egungo teoria Andrei Kolmogorov zientzialariak 1940ko hamarkadan egindako lanean oinarritzen da.

Fluxuan dauden bi punturen, edozeinen, arteko abiadura-diferentzia jakiteko probabilitatea zein den azaltzen du Kolmogoroven ekuazioak, eta horrekin bat datoz Van Gohgen zurrunbiloak.

Beste artista batzuen lanetan ere azaltzen dira antzeko irudiak, Eduard Munchen Garrasia koadroan esaterako, baina ez datoz bat ekuazioarekin.