Venus Express, Artizarra helburu
2005/12/04 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Venus Express zunda udaberri alderako izango da Artizarra orbitatzen.
Mars Express Martera bidean dauka Europako Espazio Agentziak (ESA). Ez da harritzekoa, azkeneko urteetan planeta gorria izan baita protagonista nagusia espazioaren behaketari dagokionean. Baina Artizarraren garaia iritsi da, eta, orain, ESAk Venus Express izeneko zunda bidali du Artizarrerantz, Marterantz doan haren anaia.
Artizarra zeruko planetarik dirdiratsuena da; horregatik, antzinatik begiratu izan dio gizakiak. Eta Artizarra hobeto ezagutzeko nahia ez da oraintsukoa. Pentsa, 60ko hamarkadan hogeita hamar bat zunda bidali zituzten hara. Baina misio haiek hala-moduzko arrakasta izan zuten.
Artizarreko lurra zapaldu zuen lehengo zunda Venera 7 sobietarra izan zen; eta 20 minutu baizik ez zuen iraun: presioak suntsitu zuen —Artizarraren azaleko presioa Lurrekoa baino 90 aldiz handiagoa da—. Izan ere, Artizarrak oso atmosfera trinkoa du, karbono dioxidoz osatua gehienbat.
Atmosferako karbono dioxidoak berotegi-efektua eragiten du Artizarrean, eta, gainera, Eguzkitik Lurra baino gertuago dago. Ondorioz, tenperatura oso altua da: 465 ºC daude batez beste Artizarraren azalean.
Artizarreko atmosfera oso berezia da. Ez bakarrik konposizioagatik, baita dituen hodeiengatik ere. 50-65 kilometroko garaieran daude hodeiak: azido sulfuriko tantaz osatutako hodeiak. Haizearen abiadura garaiera horretan izugarria da (300 kilometro orduko gutxi gorabehera), eta, ondorioz, hodeiak oso azkar mugitzen dira. Hala, superrotazioa deritzon fenomenoa gertatzen da: hodeiek lau egun baino ez dituzte behar planetari bira emateko.
Atmosferari begira
Venus Express -en helburu nagusia atmosfera hori aztertzea da. Besteak beste, atmosferaren egitura, meteorologia eta hodeien egitura eta dinamika aztertu nahi dituzte.
Zunda apirilean iritsiko omen da Artizarraren orbitara; eta han 486 egun egingo dituela espero dute, datuak jasotzen. Lan horretarako puntako teknologia darama, besteak beste, Virtis deitzen dioten kamera bat: espektro zabaleko datuak jasoko ditu tresna horrek, ultramoretik infragorrira.
Hain zuzen ere, Virtis kamera da Venus Express zundak daraman tresna garrantzitsuena; izan ere, misioaren helburu nagusia gauzatzen lagunduko du, atmosfera aztertzen, alegia. Bada, kamera horrek jasotako datuak, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko adituek aztertuko dituzte, Agustin Sanchez Lavega fisikari eta astronomoa buru dutela. Beraz, datu pribilegiatuak izango dituzte eskuen artean.
Dena ondo badoa, datorren urtean, Venus Express misioak Artizarra hobeto ezagutzeko datuak emango ditu; eta, Artizarra bera ez ezik, Lurrari eta inguruko gainerako planeten jatorriari buruzko zantzu gehiago ere emango ditu. Izan ere, Artizarra eta Lurra jatorrian oso antzekoak zirela uste da —gure eguzki-sistemaren sorreran—. Eta gaur egunean zergatik diren hain desberdinak jakin nahian dabiltza adituak; hau da, zer fenomenok eragin zuten hain eboluzio-bide desberdinei jarraitzea bi planetek.
7K-n argitaratua.