}

Vestalenula espezieko arrak topatu dituzte

2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Vestalenula espezieko arrak topatu dituzte
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: MEC)

Vestalenula izkiraren moduko animalia mikroskopikoa da, eta, espezieak 200 milioi urte dituen arren, zoologoek ez dute espezie horretako arrik topatu orain dela gutxi arte. Urteetan milaka ale aztertu diren arren, emeak soilik aurkitu dituzte. Hori dela eta, orain arte uste izan da espezieak ugalketa asexuala zuela. Orain, ordea, Japoniako Yakushima uhartean, hiru ar topatu dituzte ehunka emerekin batera. Organismo-talde horrek espezie berria osatzen du, eta Vestalenula cornelia ipini diote izena.

Espeziearen izena xelebrea da guztiz. Ugalketa asexuala zutela uste zenez, Vestalenula izena ipini zieten, Erromako emakume apaiz birjinen omenez. Izan ere, emakume haiek Vesta jainkosa gurtzen zuten, etxearen eta familiaren zaindaria. Baina mitoak dio apaiz birjinen artean batek --Corneliak, alegia-- maitalea izan zuela. Hori dela eta jarri diote espezie berriari Vestalenula cornelia izena.

Izkira mikroskopiko horiekin egindako aurkikuntza koherentea da erabat. Izan ere, ugalketa asexuala duten espezieak milioi bat urtean desagertzen ei dira, akats genetikoak pilatzen dituztelako. Baina Vestalenula espeziea askoz ere antzinakoagoa da, eta logikoa da ugalketa sexuala izatea, nahiz eta orain arte arrik ikusi ez den.

1
221
2006
6
027
Zoologia
Berriak labur
11