}

Vesubioren erupzioak garun bat kristalizatu zuela frogatu dute

2025/03/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

vesubioren-erupzioak-garun-bat-kristalizatu-zuela
Garuna kristalizazioz kontserbatu dela frogatu dute; ez da horrela gorde den beste ehunik ezagutzen. Arg. Pier Paolo Petrone/Scientific Reports

79. urtean, Vesubio sumendiaren erupzioak errautsez eta arrokaz estali zituen Ponpeia eta Herkulano hiriak eta hango biztanleak. Aurkikuntza arkeologiko ugari egin dira hondakinetan; tartean, 2018an, gorpuzki batzuk aztertu zituzten berriro, eta ikusi zuten gizon baten garuna kontserbatuta zegoela, ordura arte ezagutzen ez zuten modu batean, kristalizatuta zegoela baitzirudien. Orain argitaratu den ikerketa batean frogatu dute halaxe dela; alegia, garuna kristalizatu egin zela. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian, eta prozesu hori nola gertatu zen ere ondorioztatu dute.

Artikuluan baieztatu dute garuna eta bizkarrezur-muinaren zati bat kristal organiko bihurtu zirela, beroaren eta errautsen eraginez. Gertakari bakana dela berretsi dute, eta, hainbat proba fisiko eta kimikoren emaitzetan oinarrituta, kristalizazio-prozesua azaltzen duen hipotesia ere eman dute.Era berean, kontserbatzeko beste bide batzuk baztertu dituzte, hala nola, saponifikazioa

Garuna garezurraren barruan kristalizatu zen, eta artikuluan txertatu dituzten irudietan —mikroskopio elektronikoaren bidezko eskanerraz eginak—, garbi bereizten dira egitura neuronalak, hala nola axoiak. Ikertzaileen ustez, erupzioak eragindako lehen errauts-hodeiaren tenperatura eta iraupena gako izan ziren garuna horrela kristalizatzeko. Izan ere, esperimentalki kalkulatu dutenez, tenperatura oso altua izan zen, 510 ºCtik gorakoa, baina gutxi iraun zuen. Garezurraren babesari esker, garunaren egitura aldatu egin zen, guztiz kiskali gabe. Bat batean hoztean, kristalizatu egin zen

Ikertzaileek azpimarratu dute ez dela bitrifikatuta gorde den beste ehunik ezagutzen, ez gizakienak ez animalienak; horrenbestez, hipotesi gisa aurkeztu dituzte emaitzak, eta ez dute baztertu aurrerantzean egindako ikerketek hobeto azaltzea nola gertatu zen prozesu bakan hura.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia