}

Viagra, galtzear dauden espezieen salbatzaile?

2006/01/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Viagrak mesede egiten die desagertzeko arriskuan dauden espezieei. Ez ugaltzeko behar duten indarra ematen dielako pilulak, ez; zeharka ekartzen die onura. Hori ondorioztatu dute, behintzat, zientzialariek, Txinan zutitzearen disfuntzioak tratatzeko modua aldatzen ari dela ikusita.
Medikuntza tradizionalaren lehengaiak landareen eta animalien deribatuak dira batik bat.

Txinako medikuntza tradizionalean hainbat animaliaren hezurrak eta azalak erabiltzen dira botikak egiteko. Oro har, medikuntza tradizionalean erabiltzen diren animalia horiek ez dira arruntak eta ugariak izaten; aitzitik, espezie bereziak dira, eta batzuk galtzeko arriskuan daude. Hain justu, medikuntza tradizionalean haien eratorriak erabiltzeak eraman ditu galbidera zenbait kasutan.

Zutitzearen disfuntzioak tratatzeko, besteak beste, itsas txakurren zakilez, errinozero-adarrez edo elur-oreinen adarren belusez egindako edabeak hartzen dituzte gizonezko txinatarrek. Edabe horiek dirutza balio dute, eta, gainera, animalia horietako batzuk, errinozeroa esaterako, babestuta daude eta ezin dira ehizatu. Hala eta guztiz ere, eskariari erantzunez, farmazietan eskaini egiten dituzte halako edabeak.

Merkatuari begira

Pilula honek salbatuko ote ditu desagertzear dauden animaliak?

Viagra merkaturatu zenean, batek baino gehiagok pentsatu zuen espezie horiei mesede egingo ziela botikak, pazienteek edabe tradizionalen ordez Viagra hartzeko aukera izango baitzuten handik aurrera.

Susmoa egia bihurtu zela zirudien. Hain zuzen, 2002an von Hippel anaia ikertzaileek jakinarazi zutenez, behera egin zuten bai itsas txakurren zakilen merkatuak bai elur-oreinen adarren belusenak. Eta Viagrari egozten zioten beherakadaren `errua´.

Ekologistak, berriz, ez zeuden ados. TRAFFIC erakundea, adibidez, aspalditik ari da lanean galtzeko arriskuan dauden espezieen alde, eta, haren iritziz, 1998an Asian izan zen hondamen ekonomikoaren eraginez gertatu zen beherakada hori suspertzaileen merkatuan, eta ez Viagrari esker.

Alabaina, orain frogatu dute Viagraren salerosketa hazten ari dela Txinan. Viagra ekoizten duen enpresak, Pfizer multinazionalak, ikerketa bat egin du Hong Kongo ospitalean pazienteek nolako botikak hartzen dituzten jakiteko. Bada, zutitzearen disfuntzioei dagokienez, badirudi indartzen ari dela bestelako erremedioak baztertu eta Viagra hartzeko joera.

Ikertzaileen esanean, txinatarrei errazagoa egiten zaie erremedio tradizionalak alboratzea mendebaldeko botikek eragin nabarmena dutenean. Eta hori gertatzen da Viagrarekin, nonbait. Alabaina, artritisa, indigestioa, hezueria eta bestelako gaixotasunak tratatzeko, betiko erremedioei eusten diete.

Antza denez, TRAFFIC erakundekoei ez zaie arrazoirik falta. Beste gaixotasun askoren aurkako botikak egiteko ere erabiltzen direnez animalia horien hezurrak, azalak eta barrenak, Viagrak ez die ezertan laguntzen.

Tongkat ali versus Viagra

Errinozeroaren adarrak oso estimatuak dira Txinako medikuntza tradizionalean, eta horrek galtzeko arriskuan jarri du espeziea.

Horretaz guztiaz gain, Viagrari konpetentzia egiten dion produktu bat sortu dute Malaysian, eta horrek ere izan lezake eragina suspertzaileen merkatuan.

Tongkat ali izeneko landarearekin egiten da Viagraren bertsio malaysiarra. Landarea infusioan hartzen da normalean, eta eragin bizigarria du. Orain, landare lehorrarekin kontzentratuak egin dituzte laborategian, eta eragin afrodisiakoa dutela frogatu dute Malaysiako ikertzailek. Haien arabera, landarearen glukoproteinetako batek testosteronaren ekoizpena sustatzen du, eta horri zor dio landareak Viagraren antzeko eragina izatea. Landarea ugaria izango ahal da! Bestela, produktuak arrakasta izaten badu, desagertzear dauden espezieen zerrendan sartuko da laster.

7K-n argitaratua.