Wlan, kablerik gabeko sarea
2002/12/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
WLAN izenak hori bera esan nahi du: kablerik gabeko LAN sarea ( Wireless Local Area Network ), eta informatikan zabaltzen ari den joera baten isla besterik ez da. Kableak ez dira desagertzen ari. Oraindik ere oso ohikoak dira; baina horien beharrik ez dutenen baliabide-eskaintza gero eta handiagoa dago merkatuan. Esate baterako, periferikoen kasua argia da: kablerik gabeko teklatuak eta saguak eskuragarri ditu erabiltzaileak, Bluetooth teknologiaren bitartez. Azkenaldian publizitateak bi sistema eragile nagusietarako eskaintzen du teknologia hori, Mac OS X eta Windows XP sistemetarako, alegia.
Denak ados
Sareei dagokienez, WLAN sare-mota estandarrak onartu direlako sortu da. Estandar horien helburua, Wi-Fi arauena, bi ordenagailuak kablerik gabe konekta daitezkeela ziurtatzea da; antza denez, bateragarritasuna lortu da, komunikazioan behintzat. Baina hori guztia estandar bihurtzea ez da erraza izan, fabrikatzaile batzuek ez baitzuten sistema onartzen.
WLAN sareek abantaila asko dituzte, batzuk begi-bistakoak eta kablerik ez izatearen ondorioak. Pixkanaka, hiri mailako proiektuetan hasi dira kablerik gabeko sareak erabiltzen; modu horretan, ADSL linearen bidezko konexio bakarrak ordenagailu-multzo oso bat horni dezake, eta, kablerik gabeko konexioa denez, erabiltzailea hiriaren edozein tokitatik konekta daiteke. Sistema horiek oraindik esperimentalak dira, baina gero eta zabalduago daude munduan; wireless komunitate deritze. Euskal Herrian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean jarri dira horrelako proiektuak martxan.
Sare horien partaide izateko behar den instalazioa merkea eta azkarra da; beraz, sare horietan konektatuta lan eginez gero, etekin handia atera dakioke konexioari. Publizitateak askotan aipatzen ditu ezaugarri horiek. Baina, WLAN sareek aldizkari espezializatuetan oihartzun handia izaten ari dira. Hori dela eta, alderdi positiboak ez ezik, negatiboak ere askotan aipatzen dira: ez da konexio azkarra, eta segurtasun-arazoak sortzen ditu.
Segurtasun-arazoak
Horrelako sare batek gaur egun izan dezakeen abiadura handiena 11 Mbps da. ADSL linearekin konparatuta, beraz, oso konexio mantsoa da; beraz, abiadura hori azkartzeko bidea bilatu beharko dute erabilgarritasun hobea lortzeko.
Bestetik, segurtasun-kontuak ere aipatu beharrekoak dira. WLAN sareek WEP izeneko ( Wired Equivalent Privacy ) zifratze-sistema erabiltzen dute, ustez kable bidezko sareek eskaintzen dutenaren parekoa. Ordea, sistema hori hasieran ez zen deskodetzeko zaila; aditu batzuek deskodetze-metodoa aurkitu zutenean, krisialdi ederra sortu zuten. Zifratze-sistemez gain, autentifikatze-metodoak ere gehitu ziren WEP hobetzeko.
WLANaren estandarrak 1997ko ekainean, 802.11 araua onartu zuen informatikako estandarrak finkatzen dituen IEEE erakundeak. Arau horrek kablerik gabeko komunikazioaren ezaugarriak zehazten ditu. Komunikazio hori 2,4 GHz maiztasunaren bandan kokatu zuen arauak. WLAN sareak 802.11b estandarren arabera egiten dira, maiztasun horretan igortzen direlako, 11 Mbps-ko abiadurarekin. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia