Wright anaien hegazkinak haize-tunelean
2001/11/05 Elhuyar Zientzia
Motordun hegazkinekin arrakasta lortu aurretik, planeagailuekin ikasi zuten hegaz egiten Wright anaiek. XX. mendearen hasieran motorrik gabeko hainbat hegazkin egin zituzten Orville eta Wilbur Wright anaiek, baina gaur egun ez da geratzen prototipo horietako bat ere. Orain, NASAko ikertzaileek, Wright anaien plano eta idatzizko xehetasunetan oinarrituta, berriz eraiki dituzte planeagailu aitzindariak eta haize-tunelean sartu dituzte. Modu horretan, hegazkinak asmatzeko Wright anaiek egin behar izan zuten bidea ezagutu nahi dute ikertzaileek. Ikasketarik gabekoak ziren Orville eta Wilbur, eta harrigarriak gertatzen dira oso urte gutxitan aeronautikan egin zituzten aurrerapenak.
Beraz, Wright anaien planeagailu- eta hegazkin-prototipoak haize-tunelean sartu eta hegan egiteko teknika nola aurkitu zuten aztertzen dihardute NASAko ikertzaileek. 1901 planeagailuak izan zuen garrantzia azpimarratu dute ikertzaileek. Planeagailu hori oso garrantzitsua izan zen hegan egitea lortzeko, baina ez hegazkin arrakastatsua izan zelako, baizik eta, hain zuzen ere, porrot handia izan zelako.1901 hegazkina gidatzeko oso zaila zen eta hura nola hobetu asmatzeko haize-tunel txiki bat sortu zuten Wright anaiek. Haize-tunelean egindako probekin, 1901 hegazkinak zituen akats larriak ikusi zituzten, eta oso lagungarri izan zen hurrengo urteetako arrakastetan. Haize-tunel txiki hori ingeniaritza aeronautikoaren historian urrats oso garrantzitsua izan zen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia