}

Xake-jokoa Europan, uste baino antzinagokoa

2002/07/29 Elhuyar Zientzia


Xakearen jatorriari buruz teoria ugari badago ere, VI. mendean Indiako lurraldeetan sortu zela uste da gaur egun. Xake-jokoaren aitzindariak chaturanga izena zuen eta Indiako armada tradizionalaren lau taldeak irudikatzen zituen: gerra-orgak, infanteria, zalditeria eta elefanteak. Indiatik Asia osora zabaldu zen, eta gerora baita Europara ere.


Adituek, ordea, ez zuten batere argi noiztik jokatzen zen xakean Europan. Bazekiten XII. mendean Europako jende jantziak jokatzen zuela eta oso ezaguna zela bai Espainian bai Frantzian. Orain jakin da VII. menderako Europan bazutela joko horren berri. Izan ere, Albaniako Butrint hiri zaharrean indusketak egiten ari zirela, arkeologoek bolizko pieza bat aurkitu dute, orain arte Europan aurkitutakoak baino 500 urte zaharragoa. Gurutze txiki bat duenez, erregea edo erregina izan daitekeela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia