}

Xanpainaren burbuilak, mingainean kilika egiteko baino gehiagorako

2009/09/30 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Xanpainaren eta ardo apardunen burbuiletan likidoan bertan baino askoz usain-konposatu gehiago daude. Ondorio horretara iritsi dira Frantziako Reims Unibertsitateko Gerard Liger-Belair ikertzailea eta haren kideak bost xanpain eta ardo apardun ikertuta.

Bereizmen ultrahandiko masa-espektrometro bat erabilita, xanpainetik ateratzen diren burbuilek eztanda egitean edariaren gainazaletik gora ateratzen diren aerosolak aztertu dituzte, eta ikusi dute horietan 30 aldiz handiagoa dela konposatu aromatikoen, edo konposatu aromatikoen aitzindarien, kontzentrazioa. Beraz, mingainean kilika egitea baino ekarpen handiagoa egiten diote burbuilek edariari. Hain zuzen, burbuila horiek gordetzen dute edarien funtsa.

Ikertzaileek azaldu dutenez, konposatu horiek burbuilen inguruan pilatzen dira. Hala, burbuilek edalontzian gora egiten dutenean, berekin eramaten dituzte konposatuok, eta, eztanda egitean, aerosol gisa askatzen dituzte.

Irudia: Alain Cornu/collection CIVC

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia