}

XX. mendeko etruskoak turisten atzaparretan

1994/09/01 Barrentsoro, Karlox Iturria: Elhuyar aldizkaria

Etruria, historia eta izakera

Erromatarrak sortu aurretik eta grekoak Magna Greziako kolonia ahaltsuak fundatu aurretik, ba omen zegoen Italiako iparraldean, etrusko izenekoen herri misteriotsua. Euren lurraldea Italiaren erdialdeko mendebaldean zegoen, Tiber ibaitik gora, Tirreno itsasoa eta Apenino mendien artean. Kristo aurreko VII. menderako ba omen ziren lurralde zabal horren jabeak, eta eurenak omen ziren Clusium (Chiusi gaur egun) eta Tarquini (Tarquinia) hiriak.

Etruskoen kulturan ekialdeko kulturetakoekin antz handia duten ezaugarri asko daude.

Herodotok zioenez, etruskoak Asia Txikitik etorriak ziren, eta gosetea izan omen zen handik Italiako lurralde haietara igarotzeko arrazoia. Egia esan, etruskoen kulturan ekialdeko kulturetakoekin antz handia duten ezaugarri asko daude. Aurkikuntza arkeologikoek ere, ondo azaldu digute etruskoek ekialdeko kulturekin zein harreman estuak eduki zituzten. Ez du ematen, beraz, Herodotoren baieztapena irudimenaren fruitu denik. Beñat Estornes Lasa erronkariarraren “Orígenes de los Vascos” izeneko liburu-bilduman “etrusko-eusko”en arteko balizko senidetasunaz hitz egiten da, baina froga handirik eman gabe.

Etruskoak Italian K.a. 900. urte inguruan azaldu ziren, eta eremu zabal batez nagusitu, berehala Erroma eta Lazio-raino iritsi zirelarik; baita Campania-ko hegoalderaino ere. Iparraldean Po aldeko bailara eskuratu zuten eta K.a. 540.ean Korsikaz jabetu ziren. Ikuspegi politikoaren aldetik, K.a. V. mendean lortu zuten beren indar eta zabalkunderik handiena. Baina mugakide zituzten herri zelta eta grekoekin etengabeko burrukaldietan zebiltzanez gero, Kartagorekin elkartu behar izan zuten. K.a. 474.ean porrot handia eduki zuten Cumas-en, Sirakusa-ko tirano zen Hieron I.aren armadaren kontra. Orduz geroztik, etruskoen boterea maldan behera amildu zen.

K.a. 396.ean erromatarrek Erromako iparraldean kokaturik zegoen Veyes hiri ahaltsua kendu zieten eta K.a. 391.ean Felsina-raino (gaur egungo Bolognaraino) iritsi omen ziren. Poliki-poliki Etruria osoa erori zen erromatarren atzaparren azpira. K.a. IV. eta III. mendeetan erromatarren aurkako matxinadak behin eta berriro altxatzen zirenez gero, erromatarrek suz eta odolez mendeku hartu zuten, etruskoen nortasuna desagertaraziz. Herriak, desnazionalizaturik, nortasunik gabe, aurrera segitu zuen, baina ez horrela euren kulturak eta hizkuntzak; zenbait mende geroago galdu baitziren.

Erromatarrak sortu aurretik eta grekoak Magna Greziako kolonia ahaltsuak fundatu aurretik, ba omen zegoen Italiako iparraldean, etrusko izenekoen herri misteriotsua. Euren lurraldea Italiarn erdialdeko mendebaldean zegoen, Tiber ibaitik gora, Tirreno itsasoa eta Apenimo mendien artean.

Esaten denez, etruskoek zerabilten alfabetoa Greziako mendebaldekoa omen zen, eta bertatik sortu omen zen gero latindar alfabetoa. Aurkitutako inskripzio ugari ezin izan ziren 1953. urterarte argitu. Hil ondorengo bizitzan sinesten zutenez, nekropoli ugari gauzatu zituzten, eta arras ospetsu izan ziren bertan eraikitzen zituzten hilobi kupuladunak.

Euren mitologia oso ankerra eta odoltsua omen zen. Artearen arloan, musika eta dantza zituzten maite. Hormetan eta pitxarretan egiten zituzten oso kolore biziko irudiak. Hauetako pitxar batzuk, “kanope” izenekoak, hildakoen errautsak gordetzeko erabiltzen zituzten. Erretratua oso gustukoa zuten, eta arkitekturaren arloan, beren eraikuntzak sarritan grekoenak baino hobetzat har daitezke. Dena den, herri hau desagertuz joan zen, bere nazio-nortasuna galdu zuen neurrian, eta gaur egun desagertutzat ematen da historia-liburu guztietan.

Gaur egungo etruskoen aurkikuntza

Turingo (Italia) eta Standford-eko (Estatu Batuak) unibertsitateetako laborategietan burututako zientzi azterketa trinko baten bitartez jakin ahal izan dugu Italiako iparraldean dagoen Murlo izeneko herrikoak etruskoen ondorengo zuzenak direla. Aipaturiko herria Italiako iparraldean kokaturik dago Sienatik hurbil —30 bat kilometro ingurura— eta dirudienez bere kokapenari zor dio mendeetan zehar eduki zuen isolamendua. Gaur egun 1.700 biztanle inguru ditu, eta Erdi Aroko gune zaharrean 25 lagun bizi dira, den-denak adinekoak. Zaharrena Armina anderea dugu; 83 urtekoa. Oraintxe arte ez du jakin etruskoa zenik. Bera izan zen, zientzilari-taldea gidatzen zuen Alberto Piazza irakasleari ilea eta odola azter zitzan ematen lehenengoa.

Hilabi etrusko baten barnealdea.

Zientzilari-talde hau irakasle, mediku, biologo, antropologo, hizkuntzalari eta historialari ugariz osaturik zegoen, eta Turingo Unibertsitateko Alberto Piazza eta Kaliforniako Standford University-ko Luca Cavalli Sforza irakasleen zuzendaritzapean lan egin zuen.

Lehenengo ikerketak 1988.ean hasi ziren, eta antropologo eta hizkuntzalarien aholkuei jarraituz, murlotar jatorriko 150 laguni odol-azterketa egin zitzaien euren ADNa sakon ikertzeko. Ikerketa haietatik murlotarrak XX. mendeko etruskoak direla atera zuten ondoriotzat. Odol-azterketa horretan, A, B, 0 talde ezagunak kontutan hartzeaz gain, RH, MNS, HP eta HLA izenekoak ere langai izan zituzten; baita etruriar gorpu zaharretan ere.

Burututako azterketa genetikoen ondorioz garbi geratu da etruskoak ez zirela erromatarren menpean desagertu; hizkuntza eta kultura galdu ondoren guztiz latinizatu zirela baizik. Zenbait tokitan, eta urteen poderioz, nahasi egin ziren beste herritako jendearekin. Baina beste zenbait tokitan, Murlo herria lekukorik onena dugularik, etnikoki garbi iraun ahal izan dute mende luzetan zehar, euren nortasunari eta euren nazionalitateari buruzko kontzientzia biziki galdurik egon arren.

Murloko komunitatearen bilakaera berria

Hil ondorengo bizitzan sinesten zutenez, nekropoli ugari gauzatu zituzten, eta arras ospetsu izan ziren bertan eraikitzen zituzten hilobi kupuladunak. Euren mitologia oso ankerra eta odoltsua omen zen.

Aurkikuntza hauen ondoren, murlotarren edo, hobeto esan, Murloko neo-etruskoen bizimodua arrunt aldatu da. Lehen Murlo edozein txango turistikotik kanpo zegoen, eta orain berriz, anitz dira XX. mendeko etruskoen berri eduki nahian Murlora hurbiltzen direnak. Eta turismo berri honen barruan oso pertsonaia ezagunak ikusi izan dira Murloko kaleetan

Suediako Gustabo erregea eta Ingalaterrako Karlos printzea besteak beste

Bertako neskatilek, etruskoak izateaz harro, ez dute harremanik izan nahi ondoan dagoen Sienako mutilekin. “Lehen bai —diote— baina orain ez; historia defendatu beharra baitaukagu”. Bai. Orain murlotar guztiak etrusko sentitzen dira, eta bertako gaztelu zaharrean Museo eder bat kokatu berri dute, herrian barreiaturik aurkitu izan diren aztarna zaharrez horniturik. Aztarna hauetan nabarmenena, buztin erreaz egindako irudia da, bertan hegal zabaleko kapelu baten azpian, aurpegi ederra ikus daitekeelarik. Irudi hau Murloko herriaren ikurtzat hartu dute, eta nonahi ikus daitezke bere antzeko erreprodukzioak. Aztarna hauek guztiak 1966.ean aurkitu zituzten Pensylvania University-ko ikasle batzuek. Aztarna hauez gain, K.a. IV. mendeko jauregi modukoa ere aurkitu zen. Eta bertan topatu zituzten, oso-osorik, etruskoek beren pitxerrak, platerak, edalontziak eta abar egiteko zerabiltzaten labeak.

Oso kontutan hartzekoa da murlotarren nortasun-bilakaeran gertatzen ari den aldaketa; “herri zahar” bateko azkenak direla sentitzen baitute (mutil sienatarrekin harremanik izan nahi ez dituzten neska murlotarrak kasu).

Hormetan eta pitxarretan egiten zituzten oso kolore biziko irudiak. Erretratua oso gustukoa zuten, eta arkitekturaren arloan, beren eraikuntzak sarritan grekoenak baino hobetzat har daitezke.

Baina bizitza honetan dena ez da sentimentua, eta murlotarrak hasi dira euren herria turismoak ematen dituen etekinen bideetatik abiatu nahian prestatzen. Hori dela eta, hasi dira etrusko zaharren ezaugarriak “berreskuratzen” —asmatzen hobeto esan—, beren artean “afari etruskoak” eta etrusko janzkera eta guzti dantza-saioak pil-pilean jartzen ari direlarik. Horretarako Erdi Aroko murlotar gune zaharrean mahai luze bat ipintzen dute eta turistei ordaindutako menu etrusko ederra eskaintzen zaie: asun frijituak, olibazko ogi txigortua, ahuntz-gazta, aldameneko basoetako belarren orea, perretxikoak, Ortigia-ko galeperrak, orein-haragia bertako muinoan jasotako piku antzekoez egindako saltsan, eta bukatzeko esnegainaz eta eztiaz egindako bizkotxoa.

Hau guztia bertako mahasti ugarietatik sortutako ardo “etrusko” goxoaz lagundurik, nahiz eta oraindik garai bateko etruskoek ardoa edaten zuten inork ez dakien.

Sforza eta Piazzaren helburu berriak

Burututako azterketa genetikoen ondorioz garbi geratu da etruskoak ez zirela erromatarren menpean desagertu; hizkuntza eta kultura galdu ondoren guztiz latinizatu zirela baizik. Zenbait tokitan, eta urteen poderioz, nahasi egin ziren beste herritako jendearekin. Baina beste zenbait tokitan, Murlo herria lekukorik onena dugularik, etnikoki garbi iraun ahal izan dute mende luzetan zehar, euren nortasunari eta euren nazionalitateari buruzko kontzientzia biziki galdurik egon arren.

Murloko biztanleen etrusko-jatorria aurkitu ondoren, Luigi Cavalli-Sforza eta Alberto Piazza irakasleen zuzendaritzapeko ikerlari-taldeak ba omen ditu bestelako egitasmoak ere. Besteak beste, badirudi euskaldunon jatorriari buruz zer edo zer egiteko asmoa dutela. Talde horretako historialariek diotenez, Europan, Asiatik etorritako indoeuroparren inbasioa gertatu baino lehen, ba omen zegoen herri ehiztari-ibiltari bat, gero etorkinen menpean desagertu zena. Euskaldunok omen gara herri horren azken ondorengoak.

Sforza-ren ustez, hortik omen datozkigu beste europar guztiekin ditugun bereizketa genetiko eta linguistiko nabariak. Euren proiektua hori zehaztea litzateke eta horretarako laster etorriko omen dira Euskal Herrira beren ikerketari hasiera emateko asmoz. Bestalde, aipatu beharra dago, ikerlari-talde honek duen bestelako egitasmo zabala ere: Europako kontinente osoko egitura genetikoa argitzea; horrela kultura ezberdinei buruzko azterketei bultzada eman nahi baitiete. Baina hori beste kupeleko sagardoa litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia