XXI. mendeko giza populazioa
2001/05/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Aste honetan argitaratu den txostenaren arabera, herrialde garatuen populazio-hazkundea ia guztiz gelditu da eta hazkunde demografikoa Asia, Afrika eta Latinoamerikako herrialdeei zor zaie.
Urtean, jaiotakoen eta hildakoen arteko aldea neurtuta, munduko populazioari 83 milioi gizaki gehitzen zaizkio, eta horietatik, milioi bat soilik dagokie herrialde garatuei. Hain zuzen ere, herrialde garatuetan ugalkortasun-tasa ordezkapen-tasa (2,1 ume emakume bakoitzeko) baino altuagoa duen herrialde bakarra Estatu Batuak da.
1950. urtean, garapen-bidean dauden herrialdeetako populazioak herrialde garatuenena bikoizten zuen; 2050. urterako, ordea, alde hori 6 aldiz handiagoa izan daiteke. Horrela, garapen-bidean dauden herrialdeen populazioari 2,9 mila milioi gehituko zaizkio eta herrialde garatuei 49 milioi besterik ez. Izan ere, garapen-bidean dauden herrialdeetako batezbestekoa emakumeko 3,6 haur izaten da eta herrialde garatuena, berriz, 1,6koa. Salbuespena Txina da, han oraindik ‘bikoteko ume bakarra’ politika dutelako.
Aldea nabarmena da eta herrialde berean ere eremu industrializatuen eta txiroen artean ezberdintasuna antzematen da. Adibidez, Indiako hego-ekialdeko hirietan jaiotza-data asko jaitsi da. Bestalde, Bangladeshen eta Egipton, lehen ikusitako jaiotza-tasaren jaitsiera moteldu egin da.
Europako egoera bestelakoa da oso. Jaiotzen diren ume-kopurua hildakoena baino txikiagoa da eta, gainera, bizi-iraupena gero eta handiagoa denez, adinekoen kopurua hazten ari da. Beraz, immigrazioagatik ez bada, populazioa jaitsi egingo da.
Populazioari dagokion gertaera deigarrienetako bat HIESaren hedapena izan da, batez ere Saharatik hegoalderako Afrikan. Horren ondorioz, Botswuanako, Hegoafrikar Errepublikako eta Zimbabweko populazioa hurrengo 50 urtetan jaitsi egingo dela iragarri du Populazioaren Erreferentzia Bulegoak. Orain dela urte batzuk ezin zen izurritearen eragina aurreikusi eta, izurriteak herrialde horietako populazioari buruzko kalkulu guztiak aldarazi ditu.
Dena dela, HIESa kontuan hartuta ere, munduko populazioa gehien bat Afrikari esker haziko da, 2050. urtean mila milioi gizaki gehiago izango baitira kontinente horretan, hau da, Europa (Errusia barne) osoko populazioa baino gehiago gehituko zaio.
Errusian eta Ukrainan bai jaiotza-tasa bai bizi-iraupena jaitsi egin dira. Bi herrialde horiek Aro Modernoan gertatu den jaitsiera natural nabarmenena izaten ari dira (urtean % -0,7ko hazkundea dute).
Gaur egungo herrialde populatuena Txina da, 1,27 mila milioi biztanle baititu. 2025. urtean ere herrialde bera izango omen da populazio handiena duena eta 1,43 mila milioi txinatar izango omen dira. Txinaren ondoren, bigarren herrialde populatuena India da, 1,03 mila milioirekin, eta 2025. urtean 1,36 mila milioi izango direla aurreikusi dute. Eta hirugarren herrialde populatuena Estatu Batuak da, 285 milioi biztanle baititu. 2025. urtean ere hirugarren tokian egongo omen da, 346 milioirekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia