Yellowstone harana, gora eta gora
2007/11/12 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Estatu Batuetako Yellowstone parke nazionalaren azpian, orain dela 640.000 urte gertatutako sumendi-erupzio batek utzitako galdara bat dago. Estatu Batuetako mendebaldean ezagutzen den galdara handiena da. Sumendi hori eragin zuen puntu beroak aktibo jarraitzen du, eta azkenaldian aktiboago dagoela hauteman dute zientzialariek.
Utah-ko Unibertsitateko eta AEBko Geologia Neurketen Agentziako (USGS) zientzialari-talde batek berri eman duenez, Yellowstone harana ohi baino gehiago altxatzen ari da itsas mailarekiko. Hain zuzen, 1923tik orain dela hiru urte arte, harana 2 zentimetro inguru altxatzen zen urtean batez beste, eta azkeneko hiru urteetan 7 zentimetro altxatu da urtean.
Jarduera handitzeak erupzioren bat gertatzea ekar lezake, baina, zientzialarien esanean, ez da berehala gertatuko. Aitzitik, esan dute inguruko lurrikara-jarduera erdira jaitsi dela. Hala ere, kontrolatzen jarraituko dute, harana hain abiadura handian altxatzeak izan ditzakeen ondorioen zain.
Argazkia: Robert B. Smith
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia