Zabor teknologikoa, berrikuntzaren arrastoa
2007/04/22 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Tresna teknologiko berriek ingurumenari ekartzen dizkioten arazoak ez dira gutxi. Zenbakiei begiratu besterik ez dago. Esate baterako, ohiko ordenagailu bat ekoizteko, batez beste, 240 kilo erregai behar da, 22 kilo material (ehunka material desberdin dira, gainera) eta 1.500 litro ur. Beraz, ekoizpen-prozesuan egundoko lehengai-pila erabiltzen da.
Askotan esan izan da beste industria batzuen aldean garbia dela, baina, datu horiek ikusita, tresneria teknologikoaren industria neurri batean baino ez da garbia. Gainera, industria horretan, kutsadura-arazo larriena ondoren gertatzen da, tresnak erabili eta gero. Ekoizpen-prozesuko kutsadura nahiko erraz kontrolatzen dute gobernuek, baina kontrol hori zailagoa da tresna erabili ondoren. Eta, hain zuzen ere, hor dago koska.
Dena dela, tresna horren ardura, berez, ekoitzi duen enpresarena da. Hark arduratu beharko luke tresna jasotzeaz eta ondorengo kontuez, hala nola, berrerabiltzerik balego, behar den lekura eramateaz, eta, berrerabiltzerik ez balego, tresna desmuntatu eta birziklatzeaz.
Normalean, ordea, kontsumitzailearen esku geratzen da lehenengo eginbeharra, tresna dagokion lekura eramatea, alegia, Garbigunera, esaterako. Eta, ez da txantxetako kontua; izan ere, behar ez den lekuan botaz gero, kalte larriak eragin ditzake. Nazio Batuen ingurumenerako erakundearen arabera, tresna elektronikoz osatutako zaborrak gutxienez zazpiehun osagai desberdin ditu, eta horietako batzuk kaltegarriak dira ingurumenerako, eta baita gizakiontzat ere, adibidez, beruna, kadmioa eta litioa.
Mundu mailako arazoa
Erakunde horretan saiatu dira zenbatzen zenbat zabor teknologiko botatzen den mundu osoan, baina ez dute datu zehatzik lortu: gutxi gorabehera hogei eta berrogeita hamar milioi tona bitartean botatzen direla uste dute. Eta urtean-urtean zabor gehiago botatzen da. Ordenagailu bat erosi eta urtebetera zaharra omen da, eta lau urterako zaharkitua geratzen da, ateratzen dituzten programak eta abarrak erabiltzeko. Eta telefono mugikorrak ere antzera; batez beste hiru urtetik behin aldatzen omen du kontsumitzaileak mugikorra (horrek ez du esan nahi hiru urte irauten dutenik, noski).
Hala, zabor-mendia geroz eta handiagoa da. Gainera, zabor horren zati handi bat herri aberatsetatik pobreagoetara eramaten da. % 80 Asiara eramaten omen da, Txinara gehienbat. Transferentzia hori ez da legearen barruan egiten, eta, hortaz, ezin da datu zehatzik izan horretan ere, baina mundu osoko zabor teknologikoaren % 70 inguru Txinara eramaten dela uste dute. Han, ahal den neurrian berrerabili egiten dute, baina ingumen- eta osasun-arazo larriak sortzen ditu ezinbestean.
Larria da egoera, hemen eta mundu osoan. Konponbideren bat egongo da, noski, baina, oraingoz behintzat, ez dauka hobetzeko itxurarik.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia