}

Zaborra: arazo benetan ‘globala’

2002/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizakiak betidanik sortu ditu hondakinak: egindako tresna eta gaiak behin eta berriro erabili ondoren eta beste ezertarako balio ez dutenean, bota egin ditu. Alabaina, nomada izateari utzi zionetik, zabor-pilaketa gero eta arazo larriagoa bilakatu da mundu osoan.

Duela hamarkada batzuk arte, etxeetan sortutako hondakinak abereak bazkatzeko edo lurra ongarritzeko erabiltzen ziren. Gainontzekoa besterik gabe ibaira, itsasora, lurraren azalera edo azpira botatzen zen, baina normalean hondakin organikoak zirenez, deskonposatu eta naturaren zikloan sartzen ziren berriro. Orain ere hala egiten da nekazaritza-giroko herri txikietan.

Zabortegiek, zuzenean edo zeharka, kalte nabarmenak eragiten dituzte bai ingurumenean bai osasunean.

Toki gehienetan, ordea, Lurrak gizakiak alboratutako hondakin guztiak bereganatzeko ahalmena galdu du. Batetik, biztanleria ikaragarri hazi da, eta bestetik, hirien hazkuntzaren, garapen teknologikoaren, industria-jardueren eta kontsumo-ohitura berrien eraginez, askoz zabor gehiago sortzen da. Esaterako, iraganean iraunkortasuna oso kontuan izaten zen tresnak egiteko garaian. Egun, berriz, ‘erabili eta bota’ leloa zabaldu da, eta gai asko zuzenean zaborretara botatzen diren alferrikako ontzietan bilduta saltzen dira.

Horrela, herrialde garatuetan, egunero biztanle bakoitzak kilo bat hondakin sortzen duela kalkulatzen da; duela 30 urte, aldiz, 200-500 gramo hondakin botatzen ziren. Nolanahi ere, arazoa ez da kantitatea soilik; kalitateak edo konposizioak ere zerikusi handia du: lehen trinkoa eta ia erabat organikoa bazen ere, orain askoz bolumen handiagoa hartzen du, ez da guztiz biodegradagarria, eta gero eta toxikoagoa da

pilak, plastikoak, pinturak, garbigailuak...

Hirietako hondakinei emandako irtenbide nagusia zabortegietan pilatzea izan da orain arte. Horrek era askotako kalteak sortzen ditu: besteak beste, lur azpiko urak poluitzeko arriskua dago, gaixotasun-iturri diren mikroorganismoak eta arratoiak hazteko inguru aproposak dira, paisaia hondatu eta kiratsa sortzen dute, eta hiritarren arteko bereizketa agerian uzten dute, zabortegiak jartzeko inguru pobreenak aukeratzen direlako beti.

Garatzeko bidean dauden herrialdeetan, zaborra bildu eta era egokian tratatzeko sistema garaturik ez dutenez, arazoa are larriagoa da. Adibidez, Indiako hiriburuan, New Delhi-n, zaborra lehen berdeguneak ziren tokietan pilatzen da. Hiriko 13 milioi biztanlek zortzi mila tona hondakin sortzen dute, baina hiri-zerbitzuek erdia baino gutxiago bil dezakete. Gainontzekoa edozein bazterretan gelditzen denez, infekzio foku arriskutsuak sortzen dira nonahi. Munduko hiri zikinenen artean daude Kairo, Bangkok eta Mexiko Hiria hiriburuak ere.

Irtenbide bila

Garapen-bidean dauden herrialdeetan, arazoa begi-bistakoa da, ez baitute zaborra tratatzeko sistema eraginkorrik.

Badira hamarkada batzuk herrialde industrializatuak arazoaz jabetu zirela. Geroztik, konponbidea emateko hainbat bide urratu dira. Adibidez, errausketa-plantei esker zaborrak toki gutxiago hartzen du; izatez, zabor-kantitatea % 90 gutxitzen da. Baina, osasunean eta ingurunean kalteak eragiteko arriskua ez da desagertzen.

Beste bide batzuk kontsumitzaileen parte-hartzea eskatzen dute, eta gero eta jende gehiagok hartzen du hondakinak bereizi eta birziklatzeko edukiontzietara eramateko ardura. Politikariek eta hainbat erakundek, Nazio Batuak esaterako, gaia aztertu eta aldaketa eta neurri batzuk proposatu dituzte

Agenda 21, Rio de Janeiroko deklarazioa

Dena dela, arazoa kontsumo-gizartearen muinean dago, eta ekoizpen-metodoak eta bizimodua aldatzen ez diren artean, oso zaila izango da erabateko konponbidea aurkitzea.

Zabortegiak bizileku

Zabortegiek ez die mikroorganismoei eta arratoiei bakarrik ematen babesa; milaka pertsona bizi dira zabortegietan, hondakinen artean jasotako materialez egindako txaboletan eta aurkitutako tresnak erabiliz, eta zabortegia bera da haien lantokia. Egoera horretan, edozer hondamendi gertatzeko arriskua dago. Batek baino gehiagok izango du gogoan 2000. urteko uztailean Filipinetako hiriburutik gertuko

zabortegian gertatutako sarraskia. Orduan, euriteen ondorioz, 15 metrotik gorako garaiera zuen zabor-mendia 60.000 pertsona inguru bizi ziren txabola-auzo baten gainera erori zen. Ia ehun pertsona hil ziren.

Unicef erakundeak salatu duenez, milaka eta milaka ume bizi dira mundu osoan birziklatze-industriako minoristei saltzeko materiala biltzetik, batez ere papera, plastikoak, arropak, kristalak eta metalak. Ume horien osasun-egoera penagarria da; askok hazteria pairatzen dute, eta kristalak eta metalak biltzen dituztenak, eskuetan eta oinetan egiten dituzten ebakien ondorioz, tetanosa harrapatzen dute. Gehiegizko zama eramateagatik behar baino gutxiago hazten dira, eta egoera txarrean dauden elikagaiak jateagatik sarritan gaixotzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia