}

Zaborra garbitzeko laserra

2000/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lurrean bezala zeruan ere zaborra gero eta arazo larriagoa da. NASAko ikertzaileak beldur dira Lurraren inguruan orbitan dabiltzan hondakinek ez ote duten Nazioarteko Espazio Estazioa kaltetuko eta, horregatik, laserra proposatu dute babes-sistema gisa.

Nazioarteko Espazio Estazioaren osagaiek zentimetro bat baino txikiagoak diren objektuen kontrako ezkutua dute eta 10 zentimetrotik gorakoak Lurretik garaiz detekta eta saihets daitezke. Tarteko tamainakoak, ordea, arriskutsuak dira. NASAk Orion proiektua jarri du martxan, hain zuzen, 1 eta 10 zentimetro bitarteko partikulak detektatuko dituen laserra eraiki ahal izateko.

Oraingoz Megawatt bateko laserra probatu dute eta uste baino emaitza hobeak lortu dituzte. Laserrak objektuak gelditu eta euren orbitak aldarazten ditu. Abiadura nahikoa murriztuz gero, gainera, objektuak atmosferaren eraginpean sartu eta atmosferak suntsitu egingo ditu. Oraingoz Lurrean besterik ez da erabili baina 2003rako espazioan egingo dira probak. Estatu Batuetako zenbait ikertzailek, berriz, misilen eta sateliteen kontrako defentsa-sistemen mamua ikusten dute Orion proiektuaren atzean. Ardi larruz jantzitako otsoa?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia