}

Zabortegirik handienaren komeriak

1995/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zabor-pilaketa, horren aurrean gobernu desberdinek erakutsi duten axolagabekeria eta irtenbide-eza belaunaldi berriek “eskertu” beharko dizkiguten opariak dira. Inguruari begiratzea nahikoa da arazoaz jabetzeko. Aitzitik, ikusten ez den zaborra arazo larria bilakatu da. Espazioan, gure buruaren gainean jira-bira ari den zabor-kantitateaz ohartuko bagina, batek baino gehiagok bat egingo luke Asterixen herriko buruzagiak hitzetik hortzera erabiltzen zuen leloarekin. Auskalo ez ote zaigun, zerua ez baino, espazioan urteetan pilatu den zaborra gure buruaren gainera eroriko.

Espaziuntziek edo espaziuntzietako tripulariek sorrarazten omen dute zabor-kantitaterik handiena espazioan. Honez gain, sateliteetan edo estazio iraunkorretan egin ohi diren konponketa-lanak arras poluitzaileak dira.

Hau guztiaren ondorioz, espazioa zabortegi itzela bilakatu ei da. Arazoa ekologikoa bada ere, estrategia militarrarekin badu zerikusi zuzena. Espazioan zehar barreiaturiko zaborrak sekulako triskantza eragin dezake espaziuntziak edo sateliteak joko balitu. Dakigunez, ez litzateke era honetako lehen “istripua” izango. EEBBetako ikerketa- eta segimendu-zentruetan 10 cm-ko objektuak lokaliza daitezke. Erradarrez lekutzen dira objektu hauek eta hauen neurriak, portaera eta norabidea sailkatu egiten dituzte.

Sailkaturiko objektuetarik bat satelite edo espaziuntzietara hurbiltzen denean, norabidea aldatzeko agindua jasotzen dute automatikoki, istripua saihestearren. Zailagoa da, ordea, 10 cm-ko neurria ez duten objektuak detektatzea. Ikerlarien ustez, une honetan fitxatu gabe dauden 15.000 objektu txiki dabiltza noraezean espazioan. Hauek ikusi ahal izateko, espazioan finkaturiko erradarrak neurri txikietara egokitu beharko dira.

Horretarako, Otsailaren hasieran erradarrak kalibratzeko erabiliko dituzten pieza txikiak jaurti zituzten espaziora. Pieza hauek hiru bolatxo txiki –15 eta 5 cm bitartekoak– eta hauek inguratzen dituzten hari meheak dira. Erradarren aurrean kokaraziko dituzte elementu txiki hauek erradarrak eta gainerako lokalizazio-sistemak egokitu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia