}

Zaharkitutako 120.000 tona hondakin kontinente beltzean

2002/09/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Afrikan uste zena baino zaharkitutako pestizida askoz ere gehiago dago. Orain arte adituek uste zuten zaharkitutako pestizida tonak 50.000 zirela, baina orain ikusi dute 120.000 direla.

Datuak Alemayehu Wodageneh-k eman ditu, FAO erakundeko pestiziden arloko adituak. "Afrikako herrialde guztietan —esan du Wodageneh-k— daude zaharkitutako pestizidak, eta horren ondorioak jasaten dituzte: poluitutako lurrak eta pilatutako milioika ontzi". Askotan ontzi horiek aire zabalean pilatzen dira eta, besteak beste tenperaturaren gorabeherak jasan behar dituztenez, bizkor hondatzen dira. Ontzien biltegien egoera ona denean ere, diren moduko produktuak izateagatik, ontziak hondatu egiten dira eta jarioak gertatzen dira.

FAOren arabera, pestizida horiek oso arriskutsuak dira hirietako zein herrietako populazioarentzat, batez ere egoera txarrenean bizi direnentzat, lurra degradatu eta ura poluitzen dutelako. Uste denez, hondakinen % 30 inguru organiko-poluitzaile-iraunkor motakoak dira —ingelesez POP motakoak—.

Azken hamar urteotan zeuden hondakinen % 5 ezabatzea ere ez da lortu, nahiz eta FAO erakundeak berak horretarako programa zehatza duen. "Herrialde batzuetan, hondakin horiek suntsitzearekin batera, pestiziden gaineko kontrol hobea egin eta izurriei aurre egiteko bide alternatiboak erabili ditugu, eta arrakasta izan dugu. Hala ere, toki guztietan ezin izan dugu horrelako lanik egin eta, oro har, baliteke hondakinak suntsitzen diren baino bizkorrago pilatzen jarraitzea".

Herrialde horietan hondakin arriskutsuak suntsitzeko zerbitzurik ez dagoenez, herrialde garatuetara eraman izan dira, tenperatura altuan errausteko. Baina prozesu hori oso garestia da, tonako 3.500 euro gutxi gorabehera. Dena den, bada hondakin toxiko horiek desagertarazteko programa bat. Haren arabera, datozen 10-15 urteetan zaharkitutako hondakinak ezabatu, prebentzio-neurriak hartu eta adituak prestatuko dira. Horren guztiaren aurrekontua 200 eta 250 milioi euro artekoa da, eta bultzatzaileak nazioarteko hainbat erakunde dira: Munduko Bankua, Nazio Batuak, FAO bera…

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia