Zaharrak badoaz. Karlos Santamariaren oroimenez
1998/01/01 Zalbide, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ez dakit berarekin noiz eta non lehen aldiz topo egin nuen. Euskaltzaindian izan ote zen iruditzen zait, baina ez nago erabat seguru. Bere semeetako bat, Antton, Injineru Eskolatik ezagutzen nuen. Aita, berriz, egunkari-artikuluetatik edota libururen batetik. Gogoan dut oraindik, esate baterako, Jose Artetxeren “De Berceo a Carlos Santamaría” izeneko hura. Asteburu honetan berriro irakurri dudalarik, horra Don Karlos-ez bertan egiten zuen prognosia:
“La rigurosa disciplina de su formación como matemático, su prodigiosa capacidad de información y de trabajo, su alta visión de los problemas, su insobornable honradez e independencia, y por último, sus condiciones suasorias, su conocimiento del alma juvenil, indudablemente lo covertirían, si llegara la ocasión, en hombre de gobierno. Es cartesiano e intuitivo” (Artetxe, 1968, 249-50 orr.).
Ez zebilen hain oker Azpeitiko idazlea, geroztik ikusitakoaren arabera. Justu-justu esateko ez dakit zergatik jendeak, jende askok, “Don Karlos” deitzen zion. Edadeagatik? Begirunez? Hala gustatzen zitzaiolako? Ez dakit esaten. Gizon irekia, traturako erraza gertatu izan zitzaidan beti, “Don” titulurik inori eskatzen ez ziona. Juan Carlos erregearen gaztetako matematika-irakasle (prezeptore) izana zela bagenekien hainbatek, hemen eta atzerrian (pentsalari giroan, adibidez) ospea eta aipua zuela ere bai, meteorologo moduan urte luzez jardundakoa zela ere ikasia genuen dagoeneko… baina ez dakit “Don Karlos” horregatik esaten zitzaion: ez dut uste. Bazekien funtsean bere buruaren berri; eta ez zen, nire ustez, axaleko zurkaizgarrien bila ibili zale.
Joxe Migel Zumalaberekin batera edo bateratsu ezagutu nuen nik, 1974 edo 75 inguruan. Elkarren lagun minak zirela iruditu izan zitzaidan beti. Euskaldun zaharra bata, berria bestea. Gurasoengandiko jatortasun etnokulturalean sendo txertatua Joxe Migel, gizarte berriaren soziokulturazko bilakaerari euskal dimentsioa erantsi nahian Don Karlos: lagun bi eta amankomuneko saioa, hala ditut nik gogoan. Ez ziren gizen-kasta horietakoak, ez luzean gailen. Aparteko lujorik gabe ere, jazkeraz jaun agertu ohi ziren; gazteokin elkarlanean jarduteko gogotsu eta, batez ere, euskalgintzaren unean uneko beharrei erantzuten saiatzeko beti prest. Lehendik zetorkien, itxuraz, horretarako joera: ikastolei babesleku instituzionala aurkitzen ibili zirenekoa, adibidez. Bake-bidezko ekintza-gizonak ziren, puntatik puntara. Diktadura ondoren etortzekoa zen instituzio-markoaganako itxaropen sendoa agertu izan zidaten askotan.
Marko berri horretarako prestalanetan, hizkuntzaren bateratze- eta eguneratze-saioari garrantzi handia aitortu ohi zioten. Koldo Mitxelenaren iritzikoak ziren horretan, funtsean: Koldoren eta, gogoratu beharrik al dago hori?, garai hartan aldez edo moldez euskalgintzaren urbizietara murgil egin genuen gazte gehienon iritzikoak beraz. Hizkuntzaren ezagutze- eta lantze-mailan ez ziren, bistan da, Koldoren pareko. Beraiek ere ondo asko zekiten hori eta errenteriarraren maisu-gidaritza aurrez aurre aitortu eta sarri goraipatu ohi zuten. Beste maila batean jardunaz ere, gogotsu ekin zioten ordea corpus-plangintzari: batez ere arkitektura-alorrari Zumalabek, eta matematika-saileko terminologiari eta aljebrazko formulen irakurbideari Santamariak. Gai honixe heldu nahi nioke, hain zuzen, zehaztasun-apur batez. Badakit terminologi kontuan ere ahalegin ugaritxo egin zuela: langintza honetan izan nuen hain zuzen berarekin (Euskaltzaindian, larunbatero, J. M. Zumalabe eta Jesus Mari Goñirekin) ezagupide luze eta sendoena. Baina Elhuyar aldizkarian euskarazko formula-irakurketaz egin zuen lana iruditzen zait niri (ondoren izan duen oihartzunagatik, batik bat) aipagarriena.
Matematikazko formulak euskaraz nola irakurri? Irakasleak nola adierazi behar du, hitzez ari delarik eta ikasleek ongi ulertzeko
a – b = c,
a b,
x 2 + y 3 = z
eta beste hainbat eta hainbat? Arazo horrekin jira-biraka genbiltzan garai hartan Elhuyartarrok, eta Don Karlosi iritzia eskatu genion. Hortik etorri zen, etorri ere, Santamariaren artikulua. Matematika-liburuak prestatzen hasiak ginen dagoeneko, OHOko andereño-irakasleei alfabetatze teknikozko lehen ikastaroak ematen ere bai, eta kontuak erantzuna behar zuen: ahal izanez gero erantzun azkarra, eta argia. Azkar erantzun zuen Don Karlosek, eta (gure irudiko) argi samar ere bai. Ez zen orduan, eta orain ere ez da, begia kendu gabe kolpean irakurtzen den artikulu-parea (aldizkariaren 6. eta 8. zenbakietan), baina bide-argitzaile gertatu zen oinarrizko hainbat puntutan.
Eztabaida bakarra generabilen, funtsean, gure artean: euskararen hitz-ordena eta joskera-molde jatorrera makurtu behar du nazioarteko formulazioak, edota guk makurtu behar dugu (gure joskera hainbat kasutan hankaz gora jarriaz) formulazio matematiko horren egitura-moldera? Galdera ez zen, egia esateko, gure artean hain-hain berria: euskal zenbaki-segida zaharra hogeiko sistematik (hogei, berrogei, hirurogei, …) hamarrekora (“internazionalera”: amar´ , ber´ amar´ , iruramar´ , lauramar´ ,…) aldatu nahian ibilia genuen dagoeneko Sabino Arana, guk artean horren berri ez bagenuen ere. Hemen, halere, kontua ez zen betiko bide jatorrari eutsi edo berria (“razional-internazionala”) hartzea, inolako biderik ez zegoen lekuan bide on bat hartzea baizik.
Artikuluaren hasieratik garbi agertu zen Don Karlosek, jatortasun (asmatu)aren eta nazioarteko berritasun (bide-okertzaile)aren artean zer aukeratua zuen: “Formulen euskarazko irakurtzea, euskal joskera hautsi gabe egin behar dela uste dute batzuek. Baina kalkuluak bere joskera propioa duenez gero, astakeria dirudi hizkuntza bakoitzaren joskera bereziari haren irakurtzea lotu nahi izatea”. Orain badakigu, jakin, gauzak ez direla Don Karlosek 1976an azaldu zituen bezain sinpleak. Ez da egia, hasteko, “hizkuntza bakoitzaren joskera berezia” beti eta nonnahi “hain berezia” denik. Ongitxo dakigu, ibiliaren eta han-hemengoak konparatuaren ondorioz, oinarrizko joskera-molde bat (Mendebal Europako hainbat hizkuntzak paretsua duena) ageri dela, eta ez kasualitatez, formulazio matematikoan gailen. Ez da egia, gainera, formulazio matematikoa hizkuntza guztietara hain zeharo eta osorik aplikatzen denik.
Kontsiderazio horiek ez dute, ordea, Santamariak hain maisuki azaldutako dikotomia hura funtsean indargabetzen. Geroztik badakigu, Jesus Mari Goñiri horretan ere zor handia diogularik, Don Karlosen proposamen hura atera dela, funtsezko hainbat puntutan, irabazle. Gure seme-alabei natural eta guzti ez al zaie bada, iruditzen, “hiru erro hirurogeita lau berdin lau” esatea? Kontuz, halere, triunfalismo handiekin: eskola-umeen artean zabaltzen ari den hizkera-bide horrek bizi-indar ahula izango du beti, non eta gai horietaz jardun behar duten gizataldeek beren lan-eremuetan euskaraz (eta horrela) jarduten ez duten. Esan beharrik al dago, jarduera horri dagokionez, oraingoz non gauden? Eskola-munduaren behar konkretu-konkretuetarako irtenbide erosoa asmatu eta plazaratu izanaren merezimendua, dena den, ezingo dio inork, honez gero, Don Karlosi ukatu.
Joan zen Franko, eta agintealdi berria etorri. Handik gutxira, autonomiaurreko urte bikoan edo, Hezkuntza kontseilari (hala esaten zitzaion orduan, eta ez sailburu) izendatu zuten Santamaria. OHOko eta, batez ere, BBBko irakasleen euskarazko prestakuntza teknikoan ari nintzen ni, besteak beste, garai hartan (Elhuyarreko testu-liburugintzaz eta UZEIko zenbait hiztegi teknikoren prestalanaz arduratzeaz gainera). Irakasle Eskolak behar berrietara egokitu behar ziren hartan, gai horiek eta beste gehiago bideratu behar zituen Batzorde zabal bat eratu zuen Don Karlosek, “Comisión Mixta” moduan, Bilboko (orain EHUko) unibertsitatearen errektorearekin batean. Batzorde horretan parte har nezan nahi zuela, eta nik baietz.
Hala hasi nintzen, ordura arteko eginbeharrak alde batera utzi gabe, Administrazio jaioberri batzordekide izatea zer zen ikastean: batean Oñatira (pare bat aldiz bilduko ginen unibertsitate-etxe zaharrean), eta besteetan (gehienetan) Leioako Campusera, errektorearen bilera-gelara, Ramon Martín Mateoren agindupean unibertsitate alorreko euskalduntze-planak diseinatu eta martxan jartzen laguntzera. Gizon erraza zen, orobat, Martín Mateo errektorea: ildo nagusiak markatu eta lanerako askatasun handia ematen zuena. Don Karlosekin batera bazuen, nire irudiz, halako jakintsu-ukittu hori, gauza xumeez gehiegi kezkatzen ez ote zen pentsaraztera bultzatzen ninduen patxara gozo hori alegia. Geroztik jakin dut, beharrik, edadeak ere baduela horretan zerikusia. Guztia ez zen ordea, itxuraz, edade kontua: zerbaitegatik izendatuko zuten, handik urte gutxira, “Espainiako Hogei Jakintsuen Batzordea”-ren buru.
Lana egin-egin, halere, azpibatzordeetan egiten genuen. Oso oroitzapen ona dut hango lankide ugariez eta, batez ere, orduan sortutako lan-prozeduraz.
Gutxitan izan nuen, garai hartan, Don Karlosekin hitz egiteko aukera. Edadez aurrera zihoan, batetik, eta eginbeharrak erabat ugaritu zitzaizkion, bestetik. Baliabiderik ia ez zuen garai hartan, atentzioa deitzekoa ere bada zenbat alorri aldi berean heldu zion: garaia zen, seguru asko, izugarri laguntzen zuena; garaia eta, seguruenik, belaunaldi oso baten ilusioa.
Administrazio propio baten oinarriak eratzen ahalegindu zen, kontseilari izan zen aldian. Bideak zabaldu zituen, aginte-ahalmenak definitzeko eta gaur ezagutzen dugun irakas-sistema bideratzeko. Patxadaz, hauts handirik harrotu gabe egin zuen hori guztia. Aski eszeptikoa izan ohi zen bera, lana lanaren gain eta itolarrian jardutearen mesedeaz. Alfer-punttua ere gizakiak behar duela esan ohi zuen tarteka, bere maleziarekin. Esku bete lan utzi zigun, ordea, egiteko. Nork halako gonbiteari uko egin?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia