Zaharrak berri
2006/04/01 Arbelaitz Ubegun, Estibaliz - Biologian lizentziatua Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ezaugarri horiek dituzten zuhaitzak badaude Euskal Herrian, nahiz eta urte askokoak ez izan, eta horietako asko eta asko moarratu egin ziren garai batean: zuhaitz moarrak edo motzak deitzen zaie. Zuhaitz-mota horiek gure basoen historiaren ondorio dira.
Zuhaitzak, historiaren aztarna
Erdi Arora arte basogintzak ez zuen halako garrantzirik izan Euskal Herrian, baina, XIII. mendetik aurrera, egur-eskaria areagotzen hasi zen, batez ere eraikuntzan, burdingintzan eta untzigintzan erabiltzeko. Denboran zehar eta batez ere burdingintzak eta untzigintzak hartu zuten garrantziagatik, basoak gogor ustiatzen hasi ziren. Zuhaitzak lur-mugatik mozten zituzten, eta, urte batzuetan berriro ere kimu berriak sortzen zirenez, erabiltzeko moduko egurra lortzen zuten: txaradiak zeritzen.
Kudeaketa-modu hark arazo nagusi bat zuen: kimu berriak ez jateko inguruan itxiturak egiten ziren, eta horrek liskar ugari sortu zituen egurra ustiatu eta abeltzaintza bultzatu nahi zutenen artean. Ondorioz, zuhaitzak kudeatzeko modu berria sortu zen: zuhaitz moarrak edo motzak. 2-3 m-ko altueran mozten ziren, eta, kimu berriak altuera horretatik gora garatzen zirenez, abeltzainek animaliak mendian utz zitzaketen eta, aldi berean, egurra ustiatu zezaketen. Modu hartan jarduera askori konponbidea ematen zitzaienez, zuhaitzak kudeatzeko era hura herri askotara hedatu zen. Hori dela eta, zuhaitz motz edo moarratuek osaturiko baso ugari ikus ditzakegu gure mendietan egun.
Zergatik dira garrantzitsuak?
Antzinako irudi eta eraikinak babesten diren bezala, zergatik ez dira babestu behar antzinakoak diren zuhaitz hauek ere? Historiaren aztarnak dira eta jadanik galtzear dagoen bizimodu baten azken hondarrak. Behe-bailaretan zeuden zuhaitzak untzigintzarako erabiltzen ziren, eta urrun geratzen zirenak egur-ikatza sortzeko: gure mendi garaietan aurki ditzakegun zuhaitz motzen sortzaileak ikazkinak izan ziren, beraz. Basoz baso zuhaitzak moarratzen zituzten txondorra egiteko beharrezkoa zen egurra lortzeko, eta mendian egunak eta egunak igarotzen zituzten txondor hura zaintzen. Egun, jarduera hura gabe, zuhaitz-mota hauek galtzeko arriskuan daude, bai zaharrak galtzen ari direlako, eta bai berririk sortzen ez delako. Baina bizimodu haren azken aztarnak izateaz gain, balio ekologiko handiko guneak ere badira zuhaitzok.
Usteltze-prozesua onddoek hasten dute eta zenbait ornogabek ere laguntzen dute. Hala, kate luze baten hasiera bihurtzen da. Prozesu horretan zehar mikrohabitat ugari sortzen dira, non bizidun espezialista ugari bizi baitiren: onddoak, ornogabeak eta, haiekin lotuta, hegaztiak... Sortzen diren zuloak animaliek erabiltzen dituzte negua edo uda igarotzeko (muxarrek esaterako) eta baita ehizatzeko ere (armiarmek adibidez). Horrelako kateen oinarriak dira zuhaitz zaharrak, eta, zuhaitza habitata izanik, hura babestuta harekin erlazionatutako flora eta fauna babesten dira. Suedian, esaterako, 3 ha-ko eremu bat babestuta, Zerrenda Gorriko 400 espezie babesten dituzte.
Bestalde, hildako egurra usteldu eta materia organiko bihurtuz, zuhaitzak bere burua 'birziklatzen' du, eta, sortzen den materia berriro ere zuhaitzera itzultzeko, enborraren goialdetik behera sustraiak garatzen ditu.
Nola kudeatu zuhaitz hauek?
Zuhaitz hauek kudeatzeko garaian beha daitezkeen arazo nagusiak dira oso adaburu altua eta handia dutela, eta zenbait kasutan, zuhaitz gazteen lehia eta lurzoruaren trinkotzea. Aspaldi moarratu gabekoek adar handiak garatzen dituzte, eta, ondorioz, oreka galtzen dute. Hori dela eta, haizete batek edo euri-jasa handi batek zuhaitzak lurrera bota ditzake edo adarrak hautsi ditzake. Arazo horri aurre egiteko modu bakarra zuhaitza berriro ere moarratzen hastea da: helburua da grabitate-zentroa behera ekartzea, eta, horretarako, gutxika-gutxika adaburua goitik behera murriztu behar da, berriro ere enborraren inguruan adaburua bildu eta oreka lortu arte. Mozketa horiek zuhaitzaren egoeraren araberakoak dira, eta oreka lortutakoan ere beharrezkoa da moarratzearekin jarraitzea.
Adaburuaren murrizketarekin hasi aurretik, landu behar den zuhaitzaren inguruan zer dagoen behatu behar da. Gure mendietan, sarritan, zuhaitz moarratu ugari egoten dira bata bestearen ondoan, eta adaburuaren murrizketa taldeka egitea komeni da, moarratu dena argirik gabe gera baitaiteke.
Zenbait kasutan, berriz, arazoa inguruan dauden landare gazteak dira. Zuhaitz zaharrak izaki, oso sentikorrak dira ingurukoek egin dezaketen lehiarekiko, eta argitasun faltak erraz hil ditzake. Horrelako kasuetan, zuhaitz zaharraren inguruko landare gazte guztiak kentzen dira eraztun moduko bat eginez. Hala ere, pixkanaka egin beharreko lana da, eguzki-izpiek zuhaitzaren azala erre baitezakete. Hori saihesteko, ingurua pixkanaka garbitu behar da (zuhaitzaren inguruan eraztun moduko batzuk eginez), kanpotik hasi eta zuhaitzeraino iritsi arte.
Zuhaitz horien sustrai-sistema ere oso sentikorra da, eta lurraren gehiegizko zanpaketak zuhaitza hil dezake. Hori dela eta, sustrai-sistema babestu egin behar da, itxituak jarriz edota zuhaitzaren inguruan oztopoak ipiniz.
Zuhaitz zaharren belaunaldi berriak
Esan bezala, zuhaitz zaharrak kultura baten ondare eta espezie mehatxatu ugariren habitata dira, eta, azken horien populazioak mantendu ahal izateko, zuhaitz zaharren ezaugarriak dituzten beste zuhaitz batzuk behar dituzte inguruan. Horrez gain, espezie horietako asko ez dira gai bide luzeak egiteko, eta, beraz, populazioak iraun dezan, gertu behar dituzte eurentzako habitat aproposak. Ikusi da hori lortzeko biderik azkarrena zuhaitz-landare gazteak moarratzea dela, eta, horretarako, ikazkinek egiten zuten moduan, hainbat pauso eman behar dira: lehenengo lepatu egin behar da zuhaitz gaztea eta, ondoren, moarratze-ziklo batean sartu behar da.
Hala ere, zuhaitz moarratu gazteak espezie horientzat egoki izatera iritsi arte, urte asko igaroko dira, eta, belaunaldien arteko salto hori gainditzeko, orain dauden zuhaitz zaharrak bizirik mantentzen saiatu beharko litzateke.
Zuhaitz zaharren banaketa Europan eta Euskal Herrian
Hala ere, zuhaitz zaharren dentsitate handiko guneak garrantzitsuagoak dira zuhaitz isolatuak baino, betiere arriskuan dauden animalia zein landareen ikuspuntutik. Izan ere, zuhaitz ugari egoteak txoko ugari izatea bermatzen du, mikrohabitat zehatzak behar dituzten mikroorganismoek populazio iraunkorragoak garatzeko aukera gehiago dituzte, aldaketen aurrean zuhaitz- multzo batek babes handiagoa ematen du isolatu batek baino eta zuhaitz-talde batek iraganaren inguruko informazio gehiago ematen du zuhaitz bakar batek baino.
Hori guztia dela eta, Euskal Herrian ditugun zuhaitz zaharren multzo hauei beste begi batzuekin begiratzeko aukera dugu. Hain dentsitate handia edukitzeak aukera garrantzitsua ematen digu Europako beste herrialde askoren aurrean, probak eginez ikasteko aukera.
Eskerrik asko, Iñaki eta Arturo, mundu honetan sartzeko aukera emateagatik.