Zahartzean Y kromosoma galtzeak minbizia oldarkorragoa izatea dakar
2023/06/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zahartu ahala, gizakietan, zelula batzuek Y kromosoma (biologikoki arrak egiten dituena) galtzen dute. Galera horren ondorioz, minbizi-zelulek organismoaren immunitate-sistema saihesteko gai dira, eta erraz hazi daitezke. Hori ondorioztatu dute Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean.
Ikerketan maskuri-minbizia zuten gizonak ikertu dituzte, eta, ikusi dutenez, Y kromosoma galtzeak minbizi oldarkorra sortzea ekartzen du. Era berean, ordea, gaixotasunak hobeto erantzuten dio immunoterapia-tratamendu bati; immunitate-kontroleko puntuen inhibitzaileak deritzonari.
Antza denez, zelulek Y kromosoma galtzean, T linfozitoak agortu egiten dira, eta ezin diete aurre egin minbizi-zelulei. Immunitate-kontroleko puntuen inhibitzaileen tratamenduak, berriz, bere onera ekartzen ditu T linfozitoak. Nolanahi ere, ikertzaileek onartu dute oraindik ez dutela argitu Y kromosomaren galeraren eta T linfozitoen agortzearen arteko erlazio genetikoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia