}

Zaintza akustikoa: atera zarata

1999/11/14 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Txerri-haztegia duzu, txerri piloarekin. Normala denez, txerriak osasuntsu egon daitezela nahi duzu, baina ez da erraza. Banan-banan begiratzea gehiegizko lana izango litzateke, beste ezertarako astirik ez zenuke izango eta. Akustikak eta teknika akustikoek konpon dezakete zure arazoa. Belgikan horretan ari dira, haztegietako txerriak egiten duten zarataren arabera zaintzen; Afrikan, aldiz, elefanteekin helburu bera duen lanari ekiteko asmoa dute. Lehen esperimentuak, hala ere, baleekin egin ziren.

Laster ordenadoreak animaliak gaixo daudela jakinarazteko gai izango dira —eta agian diagnostikoa egiteko gai—. Leuvengo (Belgika) Unibertsitate Katolikoko ikerlari batzuk gaixotatutako abereen eztula eta marmarrak detekta ditzakeen software-a garatu dute. Abereek mina dutenean programa alarma jotzeko molda daiteke.

"Eztula da baserritarrarentzat lehenengo seinalea, abere-talde batean zerbait gaizki doala adierazten du." dio Daniel Berkmans-ek, Leuvengo taldearen buruak. "Baina abere-talde batean edo ehunka txerrien ukuilu batean eztula nabari ahal izateko oso belarri fina eduki behar da". Horregatik, Berkmans-ek eta bere lankideek lana automatikoki egin dezakeen ordenadore-programa idatzi dute. Oraingoz txerriekin ari dira lanean.
Programa garatu ahal izateko, ikerlariek sei txerriri grabatutako 5.000ren bat zarata desberdinekin datu-basea eraiki dute. Datu-basean, txerrien ohiko marmarrez eta kurrinkez gain, txerritokiko ate metalikoen eta haizagailuen hotsak ere sartu dira.

Programak txerritokiko soinuak datu-basekoekin alderatzen ditu. Horretarako, eztulak zenbait frekuentzi bandatan kokatzen ditu, jasotako eztuletan energia-igoera adierazgarriak aurkitu arte.

Sistema txerri-talde batzuekin frogatu dute eta emaitzak onak izan omen dira. Berkmans-ek dioenez, lehenengo emaitzetan diagnosien arrakasta % 92koa izan da.

Giro berrietan sartzen direnean txerriek maiz egiten dute eztula. Osasun-arazorik ez dutenek ez dute denbora asko behar eztula kentzeko; gaixo daudenek, ordea, ezin izaten dute eztula kontrolatu. Beraz, txerriak eztul asko egiten badu edo eztulen maiztasuna muga jakin batetik goragokoa denean, ordenadore-programak horren berri ematen du.

Txerriekin lanean ari den ikerlari-taldearen arabera, orain arte egindakoa hasiera besterik ez da. Izan ere, eskuartean duten asmoa harantzago doa. Ikerlariek eztul ezberdinak aztertu nahi dituzte eta, horren arabera, ordenadore-programak berak gaixotasuna zein den azal dezala lortu nahi da. Helburua ahalik eta denbora laburrenean lortu ahal izateko, Berkmans-en taldea albaitariekin elkarlanean ari da, gaixo egon daitezkeen hainbat abereren soinuekin datu-basea osatu nahiean. Teknika horri esker, ikerlariek azter dezakete, adibidez, ea eztul "lehorrek" edo "hezeek" gaixotasun jakinen adierazle diren ala ez diren. Bestalde, sistema osatze aldera, txerrien bideo-infragorriak ere aztertzen ari dira. Horrekin eztulen eta gorputzaren tenperaturaren arteko loturarik badagoen jakin nahi dute.

Berkmans-ek interes berezia du jakiteko ea programa molda daitekeen abereek mina noiz duten adierazteko. "Neur al ditzakegu txerri baten soinuak eta igarri minez dagoen ala ez? Logikoa dirudi, eta txerri batekin egiterik baldin badago, beste abereekin ere egin daiteke".
Sydec, St. Niklaas-eko (Belgika) audio-konpainia bat, lanean ari da software horretan oinarritutako prototipo bat lortu eta klima kontrolatzeko sistema bati lotu ahal izateko. Gailu horrek medikuaren laguntza beharrezkoa denean oharra emango luke eta automatikoki egokituko luke tenperatura. Askotan, arnas aparatuko gaitzak gauez eraikinetan sartzen den aire hotzak larriagotzen ditu.

Afrikan elefanteekin

Belgikan txerriekin bezala, Afrikan teknika akustikoak erabiltzen hasiko dira elefanteen kopurua eta osasuna kontrolatu ahal izateko. Biologo eta injineru akustikoen talde batek Afrika erdialdeko oihanetan ezkutuan egoten diren elefanteak zaintzeko teknika berria abian jartzeko asmoa du. Marfil-trafikoan ari diren ehiztarien eraginez elefanteak oihanean ezkutatzen direnez, hegazkinek ezin izaten dute inolako kontrolik egin. Ondorioz, zientzialariek ezin izaten dute jakin zenbat elefante dauden ez eta zein egoeratan dauden ere. Arazoa konpontzeko, akustikan oinarritutako teknika erabili nahi dute. Izan ere, duela urte batzuk zientzialariek aurkitu zuten elefanteek komunikaziorako hots infrasonikoak erabiltzen dituztela. Hots infrasoniko horiek oso urrunera iristen diren arren, gizakien entzumen-sistemak ezin ditu bereizi. Mikrofono ultrasentikorretan oinarritutako sistema erabiltzeko asmoa dago, elefanteek egiten dituzten hots infrasonikoak grabatu ahal izateko. Grabazio horiei esker, elefanteen ingurune fisikoa kontrolatzeaz gain, euren portaerari buruzko datu ugari lortuko direlakoan daude.

Teknikak berria dirudien arren, lehen ere erabili izan da, baina baleekin. Elefanteen kasuan —satelitez edo irratiz egin daitezkeen konexioez baliatuta— marfil-trafikatzaileen joan-etorrien berri jakin ahal izango da. Beraz, baliteke teknika berriak legez kanpoko ehiztariei aurre egiteko balio izatea. Mikrofono-sareak elefanteen mugimenduei buruzko argibideak emango ditu, baita beste elefante batzuen deiei nola erantzuten dieten jakiteko bidea erakutsi ere. Grabatzen diren hotsen datu-basea egingo dute zientzialariek, une oro elefanteak nola dauden jakiteko balioko duena. Adibidez, larrutan ari direnean elefanteek soinu berezia egiten dute; arriskuan daudenean, aldiz, beste bat.

Teknika akustikoen erabilerak arrakasta izango balu, desagertzeko arriskuan dauden beste espezie batzuekin —gorilekin edo errinozeroekin adibidez— ere erabili ahal izango litzateke.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia