}

Zakila, diseinu eraginkorra

2004/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eboluzio-bide desberdinei jarraituta ere, narrastiek eta ugaztunek zakilaren diseinu bera garatu dute. Ikerketa berri baten ondorioa da hori, eta armadiloen eta dortoken zakilak aztertu ondoren lortu dute.

Batean zein bestean kolageno-zuntzez eginiko geruzak daudela ikusi dute. Odola zakilean ponpatzen denean, gogortasun handia lortzen da, zuntzek luzera maximoa hartzen dutelako. Bien artean desberdintasunak ere ikusi dituzte, hala ere. Ugaztunek zuntz-geruza bi baino ez dituzte; batean zakilaren ardatz luzearekiko paraleloak dira eta bestean horren inguruan perpendikularki biltzen dira. Dortokaren zakilean, ordea, hainbat geruza daude, eta horrek gogortasun handiagoa ematen dio.

Ikertzaileen esanean, ugaztunen eta narrastien zakilek enbrioi-ehun desberdinetatik eboluzionatu zuten, baina, funtzio bera betetzen dutenez, eboluzio-bide bera garatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia