}

Zakur zaharrek lezio berria

2013/11/14 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zakur-zaharrek-lezio-berria
Otso baten garezur fosila, 26.000 urtekoa, Belgikako Trou des Nutons haitzuloan aurkitua. Arg. Royal Belgian Institute of Natural Sciences

Science aldizkarian gaur argitaratutako ikerketa baten arabera, litekeena da zakurrak Europan sortu izana, duela 18.000 urte baino gehiago. Orain arteko teoria nagusiek zioten zakurrak askoz beranduago etxekotu zirela eta Ekialde Ertainean edo Asiako ekialdean gertatu zela.

Oraingo ikerketan Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile batzuek 1.000 eta 30.000 urte arteko zakur eta otso fosilen DNA mitokondriala egungo zakur, otso eta koioteenekin konparatu dute. Eta ikusi dute egungo zakurrak egungo otsoetatik baino gertuago daudela desagertutako otso batzuetatik. Gainera, zakurretatik gertuen dauden otsoen fosil guztiak europarrak dira, eta, beraz, ondorioztatu dute Europan utzi ziola otsoak otso izateari.

Otsoa duela 18.800 eta 32.000 urteren artean etxekotu zela ere kalkulatu dute. Hori ez dator bat zakurraren etxekotzea nekazaritzaren hasierarekin lotzen duen teoriarekin. Teoria horrek dio nekazaritzatik sortutako elikagai-soberakinez elikatzen hasi zirela otsoak, eta bide horretatik etxekotu zirela. Orain eman dituzten datak, ordea, askoz lehenagokoak dira, ehiztari-biltzaileen garaikoak. Ikertzaileek iradoki dute litekeena dela otsoak ehiztariengana hurbiltzen hastea haiek ehizatutako animalien hezur eta soberakinak aprobetxatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia