Zalantzarik gabe, Lurra berotzen ari da
2007/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Otsailaren 2an argitaratu zuten klima-aldaketari buruzko txostena. Txostenak argi eta garbi esaten du Lurra berotzen ari dela, batez ere orain dela 50 urtetik hona. Egoera horretara kausa naturalen bidez iritsi izatea ia ezinezkotzat jotzen du, alegia, uste du ez dela posible kanpoko eragilerik gabe horrelako aldaketarik gertatzea. Eta aipatzen du oso litekeena dela eragile nagusia berotegi-efektua eragiten duten gasak izatea.
Lurra berotzearen ondorioz zer aldaketa gertatu diren aztertzen du, besteak beste, nola aldatu diren prezipitazioak munduan zehar, nola handitu den tropikoetako zikloien jarduera eta txikitu den poloetako izotz-masaren lodiera, zenbat igo den itsas maila, eta abar.
Etorkizunari ere begiratzen dio txostenak. Esaten du gasak isurtzen jarraituko dugula, XXI. mendean Lurrak berotzen jarraituko duela eta klimak eragindako aldaketak areagotu egingo direla. Iragarpenak egiteko, simulazioak egin dituzte, eta etorkizuneko hainbat egoera posible hartu dituzte kontuan, munduko herrialdeek har dezaketen ingurumen-kontzientziaren arabera. Iragarpen baikorrenak dio XXI. mendearen bukaerarako Lurraren azala 1,8 ºC berotuko dela, eta ezkorrenak, berriz, 4 ºC berotuko dela.
Aipatzekoa da etorkizuneko egoera posibleak definitzean ez dutela aukeren artean sartu Kyotoko Protokoloak ezartzen dituen mugak betetzeko konpromisoa izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia