}

Zapaburuek forma aldatu sugeei ihes egiteko

2002/07/17 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zapaburuek ingurunera moldatzeko gaitasun handia dute; esate baterako, larba-fasearen iraupena putzuen iraunkortasunera egokitzen dute. Baina moldagarritasun hori muturrera eramaten dute Mallorcako Alytes muletensis espezieko apoen zapaburuek. Izan ere, gorputzaren forma aldatzen dute putzu berean sugeak agertzen badira.

Espezie hori fosilen bidez identifikatu zuten lehenengoz 1970eko hamarkadan; ikertzaileak duela 2000 urte inguru desagertu zelakoan zeuden, hainbat animalia-espezie eta, batez ere, suge aloktonoak sartu zituztenean (emakumezko erromatarrek suge artean hartzen zuten bainua, emankortasunerako tratamendu gisa). 1980ko hamarkadan, ordea, 13 populazio aurkitu zituzten mendialdean eta haiek ikertzeari ekin zioten.

Baina nola lortu zuten sugeen presioari aurre egitea? Orain, Robin Moore ikertzaileak ikusi duenez, sugeak dauden putzuetako zapaburuak lirainagoak eta isats indartsuagokoak dira, eta horrek sugeetatik errazago ihes egiten laguntzen die. Areago, ez dauden putzuetan sugeak sartuz gero, 4 aste eskasetan zapaburuek ohiko forma utzi eta forma liraina hartzen dute. Ondoren, berriz ere sugeak kenduz gero ohiko formara itzultzen dira denbora bertsuan.

Zenbaiten esanean, forma liraina ur lasterreko erreketan bizi diren zapaburuen antzekoa da. Beraz, litekeena da Mallorcako espezieak lehendik ere formaz aldatzeko gaitasuna izatea euriteei eta aurre egiteko, eta orain ahalmen horretaz baliatzea sugeen presentziari aurre egiteko.

Deigarria, edonola ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia