}

Zehaztasun atomikoa

2003/10/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Denbora neurtzeko gogoa eta gogo hori asetzeko makinak ez dira gaur egungoak. Denbora-mugen gaineko nolabaiteko ezagutzak mendeak ditu; denbora pasa ahala, baina, nolabaiteko ezagutza ezagutza zehatz bihurtu da, atomoraino iristen den ezagutza, zehatz esateko.
Hareazko erloju batzuk egun osoko orduak emateko gai ziren.

Estatu Batuetako Armadaren Ikerketa Departamentuak poltsikoko erloju atomikoa aurkeztu du. Pospolo-kaxa baten tamaina du erlojuak eta oso-oso zehatza da, segundo bakarra galduko ei du ondorengo 10.000 urteetan.

Ohiko erlojuak ez dira horren zehatzak izaten. Behar ere, bizitza normalean, ez da horrelako zehaztasunik behar. Lantokian fitxatzera, hitzorduetara edo autobus-geltokira segundo bat lehenago edo geroago iritsi, ez da, normalean, ezer gertatzen. Aldiz, itsasontziak edo hegazkinak gidatzeko, komunikazioetan, misil bat jaurtitzeko… zehaztasuna oinarrizkoa da. Horrek eragin du Armadaren interesa.

Zehaztasunari dagokionez, erloju atomiko berria —Ultra-miniature Rubidium Atomic Clock izenez bataiatua—, ez da munduko erlojurik zehatzena. Hori baino zehatzagoak badira, baina ez tamaina horretakoak. Merkatuan eros daitezkeen erloju atomikoak handiak eta astunak dira. Adibidez, zesiozko erloju atomikoek 5.000 zentimetro kubikoko bolumen dute —motxila txiki bat— eta 50en bat watt kontsumitzen dituzte. Erloju atomiko txikiak, aldiz, wat bakarra behar du funtzionatzeko, eta 40 zentimetro kubikoko bolumena besterik ez du.

Erloju berria erabat optikoa da. Vertical Cavity Surface Emitting Laser (VCSEL) teknologiatik ateratzen den laser argia erabiltzen du funtzionatu ahal izateko. Teknologia berri hori zuntz optikoa erabiltzen duten telekomunikazio-beharrei erantzuteko garatu da, industria horretan laser trinko-trinkoak behar izaten baitira. Erlojua Armadak aurkeztu badu ere, egin Kernco enpresak egin du.

Erlojuak historian

Armadak aurkeztu duen poltsikoko erloju atomikoa.

Orduak, minutuak, segundoak… denbora zatitu behar izan du gizakiak, bizitza nolabait antolatu ahal izateko. Antzinako zibilizazioek eguna eta gaua bereizten zituzten, edo Ilargiaren zikloak, edo urtaroak. Giza adimenak, poliki-poliki, presarik gabe, denbora zatitzen ikasi zuen, erlojua asmatu zuen.

Eguzki-erlojuak erabili zituzten lehenik. Koadrante bat tarteko, gainazal lau batean Eguzkiaren itzalak ordua ematen zuen. Gaur egun ere, toki askotan ikus daitezke eguzki-erlojuak. Txinatarrek aspalditik erabiltzen zuten denbora neurtzeko sistema hori, arkeologoek diotenez, Kristo baino 3.000 urte lehenagotik. Antzinako Egipton ere erabili zuten, baita Inken zibilizazioan ere. Jakina, eguzki-erlojuek ez zuten gauerako balio, ezta egun ilun eta lainotsuetarako edo iluntzeko eta egunsentiko orduetarako. Koadranteak, gainera, Lurraren latitudeen arabera moldatu behar ziren, eguzki-izpien makurdura ez baita berdina izaten toki guztietan. Egunaren iraupena ere ez da berdina izaten beti, urtaroen arabera aldatzen da; horregatik, denboraren neurketa ez zen erabat segurua izaten. Baina bazen zerbait.

Klepsidrak —ur-erlojuak— asmatu zituzten gero. Urez betetako ontziak ziren. Babilonian eta Egipton erabili zituzten lehenik, baina greziarrek eta erromatarrek ere bere egin zituzten. Edukiontzi batetik graduatutako ontzi batera pasatzen zen ura, eta, bete ahala, iragandako orduak markatzen zituen. Erromatarrek antzeko sistema bat asmatu zuten gauez erabiltzeko, markatutako kandeletan oinarritua.

Era guztietako erlojuak eros daitezke gaur egun.

Hareazko erlojua III. mendeko asmakizuna da. Bi ontzi eta igarobide estu-estua ditu oinarri. Apaingarri gisa erabiltzen dira egun, baina sasoi batean baziren egun osoko denbora neurtzeko gaitasuna zuten hareazko erlojuak ere.

Bost mende igaro ziren denbora neurtzeko lehen makinak agertu ziren arte. VIII. mendean, Pacifico izeneko italiar batek kontrapisuekin mugitzen zen erlojua egin zuen. Paulo I.a Aita Santuak erosi zion, eta gero Pipino III.a erregeari —Txikia edo Laburra deitua— oparitu zion. Ordutik aurrera, itxura horretako makinak arruntak bihurtzen hasi ziren. 1300erako, Europako eliza askotan jarrita zeuden. Gaur egun oraindik ikus daiteke horrelako bat Ingalaterran, Salisburyko katedralean. 1386an jarri zuten eta egoera onean dago.

1600ean Galileo Galileik Penduluaren Legea aurkitu zuen. Horrek berebiziko indarra eman zien kontrapisuetan oinarritutako erlojuei. Legea aurkitu eta 57 urtera, Christiaan Huygens matematikari eta fisikari holandarrak lehen pendulu-erlojua egin zuen. Mekanismo osoa horma batean jarri zuen.

Ordurako, ordea, bazen mende bat Peter Henlein alemaniarraren eskutik Nüremberg hirian giltza emateko lehen erlojuak asmatu zirela. Horri esker, erloju eramangarriak egiten hasi ziren. Genevak erlojugintzan duen ospea sasoi horretatik dator. Kalbinismoan oinarritutako legediak debekatu egiten zien urregileei gurutzeak, kalizak eta erlijioarekin zerikusia zuten tresnak egitea. Hori dela eta, erlojugileekin elkarlanean, erlojuak sartzeko kutxak egiten hasi ziren.

Denborak aurrera egin ahala, nabarmena zen erlojugintzaren aurrerapena, baina tarteka arazoak ere sortzen ziren. Horietako bat —eta ez nolanahikoa— piezen higadura zen, denbora gaizki neurtzea eragiten baitzuen. Mekanismoari eusteko ardatzetan errubiak eta zafiroak erabiltzen hasi zirenean konpondu zen arazoa. Harri horien gogortasunak nabarmen murriztu zuen higaduragatik hondatzen ziren piezen kopurua.

Era guztietako erlojuak eros daitezke gaur egun.

Gaur egun, era, kalitate, forma, tamaina eta kolore guztietako erlojuak eros daitezke: eskuz egindakoak, kronometroak, iratzargailuak, eskukoak, digitalak, atomikoak… Eskumuturreko lehen erlojua 1904an atera zuen Hans Wildorsf suitzarrak, Rolex etxearentzat. Sei urte geroago, eskumuturreko lehen kronometroa diseinatu zuen. Erloju atomikoak, berriz, 1950eko hamarkadan hasi ziren egiten. Indar nuklearraren lehenetariko aplikazio baketsua izan ziren. Kuartzoaren eta erlojuaren arteko harremana, erloju digitalena alegia, 1980ko hamarkadakoa da. Dudarik gabe, bide luzea egin da denboran zehar.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia