Zehaztasun handiko polimerizazioa
2006/02/16 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Dentistek polimeroak erabiltzen dituzte enpasteetan, oso modu zehatzean, gainera: polimeroa osatuko duten molekula txikiak hortzean bertan jarri, eta han bihurtzen dituzte polimero, izpi ultramoreak aplikatuta. Hortzean aplikatzen diren molekulek masa bigun bat osatzen dute, eta polimerizatutakoan masa hori solido zurruna bilakatzen da, esmaltearen ordezkoa. Hortzean bertan polimerizatuta, nahi duen itxurarekin gogortzen du dentistak polimeroa.
Bada, horixe bera baina oso eskala txikian egin dute Marylandeko unibertsitateko kimikari batzuek, Estatu Batuetan. Hortzetako esmaltea egin ordez, mikra gutxi batzuetako polimero-estalkiak sortu dituzte letra-itxurako metal-pusken gainean, eta, izpi ultramorearen partez, laser zehatz bat erabili dute.
Teknika hori hiru dimentsioko egitura ñimiñoak egiteko erabili nahi dute, nanomakinak egiteko alegia. Likido bat erabiltzen dute lehengai moduan, eta, kasu honetan ere, solido zurrun bat lortzen dute laserra aplikatu den tokietan. Teknikari MAP deritzo (ingelesezko multiphoton absorption polymerization terminotik), eta nanoegituren ingeniaritzaren esparruan itxaropen handia sortu du azkenaldian.
Egilearen lanaren beste irudi batzuk ere ikusgai daude.