Zein da kontinenteen jitoaren motorra?
2001/01/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Alfred Wegener-ek kontinenteen jitoaren teoria proposatu zuen 1912an eta iraultza eragin zuen zientzialarien artean. Gaur egun erabat onartua badago ere, 60ko hamarkada arte eztabaida biziak izan ziren teoriaren inguruan. Hala ere galdera batek ez du oraindik erantzunik jaso: zerk gidatzen du plaken mugimendua?
Komunitate zientifikoa bi taldetan banatuta dago. Batzuek plakak mantuaren konbekzioak gidatzen dituela uste dute; hau da, mantuko materia urtuak gora egiten du, azaletik gertu solidotu egiten da eta, solidotzean dentsoago egiten denez, hondoratu egiten da. Prozesu horrek plakak subdukzio-guneetara (beste plakekin topo egiten duten guneetara) bultzatzen ditu eta plakak eta kontinenteak higitu egiten dira.
Beste taldekoek, berriz, plakak grabitazio-indarren eraginez higitzen direla uste dute. Ozeanoko dortsaletatik azaleratzen den material arinak plakak subdukzio-guneen kontra konprimitzen ditu. Haietan materialak astunagoak dira eta grabitateak beherantz erakartzen ditu.
Joan den abenduan Estatu Batuetako Geofisika Elkartearen urteko biltzarrean eztabaida berreskuratu nahi izan zuten. Izan ere, ikerlariek eskala handian Lurrak duen dinamika ulertzea lortzen badute, eskala txikian gertatzen diren mugimenduen eredu zehatzagoak egin ahal izango dituzte. Hain zuzen, lurrikara eta sumendi-erupzioak gidatzen dituztenak.
Noski, aho bateko adostasunik ez zen lortu biltzarrean. Planetako hainbat eskualdeetako datuak bateratu eta alderatu behar dira plakak mola higitzen diren ikusteko. Gainera, leku bateko datuek teoria baten alde egiten dute eta beste leku batekoek, berriz, beste teoriaren alde. Teknikaren garapenak tresna boteretsuez hornitu ditu geofisikariak azken urteetan. Haien eskutik iritsiko da artikuluaren hasieran egindako galderaren erantzuna, eta baliteke bi teorien arteko erdibidean egotea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia