}

Zelakantoa, Interneteko izar berria

2001/05/16 Elhuyar Zientzia

Zelakantoa (Latimeria chalumnae), 400 milioi urtetan aldatu ez den arrain bitxia, Interneteko izar bihurtu da Hego Afrikako ipar-ekialdeko itsasaldean jasotako irudiak zabaltzen hasi direnetik.

Irudi horiek urrian Sodwana Badian aurkitu zuten kolonia batean bildutakoak dira. Aurkikuntza horrek jakin-min handia piztu du, 1938an lehenengo zelekanto biziduna aurkitu zutenetik, oso gutxitan ikusi dutelako berriro. Orain, kolonia hori aztertzen ari den ikertzaile-taldeak zelekantoen bizimodu eta ohiturak biltzen dituzten bideo eta argazkiak eskaintzen ditu web gune batean.

Horrelako ikusmina sortu izana ez da harritzekoa, zelekantoa benetako fosil biziduna baita. Aurkitu diren fosilen arabera, orain dela 400 milioi urte gaurko itxura bera zuen, 120 desagertutako zelekanto-espezietik gora ezagutzen diren arren. Hain zuzen ere, 1938ko aurkikuntzaren aurretik, zelekanto-espezie guztiak duela 70 milioi urte desagertu zirela uste zen. Horregatik, Hegoafrikar Errepublikan azaldu zen lehen zelekanto bizidun hura XX. mendeko aurkikuntza zoologiko garrantzitsuentzat hartu zuten garai hartan.

Inoiz ikusi ahal izan den zelekantorik handiena 178 cm luze zen eta 98 kg pisatzen zituen. Gaur egun, munduan 1.000 besterik ez direla gelditzen uste dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia