}

Zelakantoek enbrioi-fasean birikak dituztela ikusi dute

2015/09/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zelakantoen eboluzioa ulertzea aspaldiko erronka da zientzialarientzat; izan ere, animalia urtarren eta lurtarren arteko katebegitzat jo izan da. Erregistro fosilean duela 410 milioi urtetik agertzen da, eta, urte askoan dinosauroekin batera desagertu zela uste izan badute ere, gaur egun zelakanto primitiboaren oinordeko diren bi espezie ezagutzen dira, bat Indonesian eta bestea Mozanbiken. Bada, azken horren garapen enbrionarioa aztertuta, ohartu dira hasierako faseetan birikak dituela.
zelakantoek-enbrioi-fasean-birikak-dituztela-ikusi
Zelakantoa, hego Afrikakko uretan, 130 m-ko sakoneran. Arg. Laurent Ballesta
Garapen enbrionarioaren etapa guztiak aztertu dituzte ikertzaileek. Arg. Brito et al./Nature Communications

Hain zuzen ere, gaurko zelankantoek ez dute birikarik; aitzitik, birika kalzifikatuak zelakanto-fosilen ezaugarri nabarmenetako bat dira. Orain, X-izpien bidezko tomografia erabilita, Rio de Janeiroko Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute zelankantoaren enbrioiak, hasierako faseetan, badituela birikak; itxuraz, funtzionalak, gainera. Garapenean aurrera egin ahala, ordea, endekatzen joaten dira, eta helduarora iristerako, aztarna-organo bat baino ez da geratzen.

Horrez gain, gaurko zelakantoek duten organo gantzatsua biriken galeraren paraleloan agertu zela proposatu dute ikertzaileek. Organo horrek buia-lana egiten du, eta sakonera handietara egokitzeko bidean garatuko zela uste dute. Ikerketaren emaitza eta ondorio guztiak Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia