Zelula ama bat, gaixotasun baten eredu
2009/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehen aldiz bihurtu dute zelula ama bat gaixotasun genetiko bat ikertzeko eredu. Gaixotasuna duen gaixo bati azaleko zelula bat kendu, eta birprogramatu egin dute, ikerketan erabiltzeko. Azaleko zelula zena neurona motorra bihurtu dute laborategian, eta neurona sortu berriak gaixoaren garunean dauden neuronak bezala jokatu du; gene berak espresatu ditu.
Gaixotasuna muskulu-atrofia espinala da, mugimendua kudeatzen duten neuronen endekapen-mota bat. Gaixoa paralizatu egiten du, eta oso kasu larrietan heriotza ere eragin dezake. Oso gaixotasun azkarra da, eta, horregatik, zaila da laborategiko animaliak eredu izatea gaixotasun hori ikertzeko. Konponbidea izan da zelula bat hartzea eredutzat, animalia baten ordez.
Zelula hori botikak probatzeko erabiliko dute zientzialariek. Muskulu-atrofia honen kasuan, bi molekula probatu nahi dituzte, azido balproikoa eta tobramizina.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia