}

Zelula amek ez, haiek eragiten duten erantzun immunologikoak hobetzen ditu bihotzak

2019/11/27 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zelula-amek-ez-haiek-eragiten-duten-erantzun-immun
Arg. Nephron/CC-BY-SA 3.0

Kaltetutako bihotzetan zelula amak txertatzen direnean gertatzen den hobekuntza zelula horiek txertatzeak eragiten duen erantzun immunologikoagatik da, eta ez, uste zenez, zelula amek bihotzean zelula berriak sortzea eragiten dutelako. Ondorio horretara iritsi dira Nature aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean.

Animaliekin egindako hainbat esperimentutan ikusi izan da Iskemiak eta antzeko kalteak izan dituzten bihotzetan zelula amak txertatzean, haien funtzionamendua hobetu egiten dela, nahiz eta neurri apalean izan. Eta, dagoeneko milaka pertsonekin ere hainbat saio klinikotan probatu da tratamendu hori. Emaitzak, ordea, denetarikoak izan dira eta, askotan, ez oso onak.

Ikerketa berri onek erakutsi du zelula amek ez dutela eragiten bihotzean zelula berriak sortzea, aurreko ikerketek iradokitzen zuten moduan; baizik eta zelulen transplante horrek erantzun immunologiko akutua eragiten duela, eta, horrek, besteak beste, fibroblastoen jarduera aldatzen duela, eta kaltetutako ehunen propietate mekanikoak hobetzen. Animalietan zelula ama ez bideragarriak txertatuta ondorio berberak lortu zituzten, eta baita erantzun immunologikoa eragiten duen konposatu kimiko bat emanda ere. Hala, ondorioztatu dute erantzun immunologikoa dela, eta ez zelula ametatik ateratzen diren seinaleak, bihotza konpontzen laguntzen duena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia