}

Zelulek beren migrazioak nola zuzentzen dituzten aurkitu dute

2024/07/10 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zelulek-beren-migrazioak-nola-zuzentzen-dituzten-a
Arg. Tanya Hart / CC-BY-SA

Zelula bat osatzen duten ia prozesu fisiologiko guztiek batera eta modu autoantolatuan jardunez zuzentzen eta kontrolatzen dute migrazioa. Ondorio horretara iritsi dira EHUko ikertzaileak, eta arabazozo-saldoen mugimendu autoantolatuarekin konparatu dute. PNAS Nexus aldizkarian argitaratu duten lana

Zelulen migrazioa prozesu giltzarria da giza gorputzaren garapenerako eta funtzionamendu egokirako. Zelulak mugitzen dira, adibidez, organismo bat enbrioian garatzen ari denean, zauri bat orbaintzen denean edo metastasian zehar. Zelulen migrazioa gaizki kontrolatzean gertatzen diren akatsek ondorio larriak izan ditzakete gaixotasun garrantzitsu batzuetan, hala nola Crohn-en gaixotasunean, garunaren sortzetiko desordena jakin batzuetan eta zenbait patologia immunologiko edo baskularretan.

EHUko ikertzaileek 700 zelularen mugimenduak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute mekanismo molekular autoantolatu horren ondorioz, zelulan gertatzen diren prozesu biokimiko-metabolikoek unitate funtzional bat osatzen dutela, osotasun bakar gisa erabat integratua dagoena, eta, horrela, milaka prozesu fisiologiko entitate bakar bihurtzen direla.

Mekanismo horren bidez portaera integratu bat gertatzen da zelulan,  konpara litekeena migratzean oso egitura ordenatu eta koordinatuak osatzen dituzten milaka arabazozoen mugimendu autoantolatuarekin, edo inurriek portaera kolektibo autoantolatuen bidez inurritegia egituratzeko duten gaitasunarekin.

Ikertzaileek nabarmendu dutenez, orain arte ez da zientifikoki onartu zelulen lekualdatze-mugimenduak maila globalean jarduten duten izaera sistemikoko prozesu autoarautuek gobernatzen dituztela. “Aurkikuntza zientifiko honek ikuspegi berri bat eransten dio zelulari berari eta haren gaitasun funtzionalei buruz dugun kontzeptuari”, azaldu du Ildefonso Martínez de la Fuentek, ikerketa zuzendu duen EHUko ikertzaileak. Gainera, “zelulen migrazioaz ikuspegi sistemiko batetik egiten diren ikerketak eta ohiko azterketa molekularrak konbinatzea erabakigarria izan daiteke zelulen migrazio okerrak eragindako gaixotasunekin lotutako patologien terapia eraginkorrak garatzeko”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia