}

Zelulen adina jakiteko ere karbonoari begira

2005/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Karbono-14aren metodoaren bidez zelula baten adina ere jakin omen daiteke, Stockholmeko Karolinska Institutuko ikertzaile batzuen arabera.

Datazio-metodo hori arkeologian eta paleontologian erabiltzen da batez ere, oso erabilgarria baita antzinako objektuak datatzeko. Baina hain aspaldikoak ez diren substantziak ere datatzen dira. Horretarako, atmosferako karbono-14aren gorabeherak hartzen dira kontuan: proba nuklearrek bikoiztu egin zuten 1963rako, eta ordutik hona erdira gutxitu da hamaika urtetik behin.

Hori jakinik, zelula baten DNA-molekula noizkoa den jakin daiteke; izan ere, DNAn iraun egiten dute karbono-atomoek. Bada, DNAko karbono-14 kantitatea neurtuta ikusi dute gorputzeko zelula zaharrenak garunean daudela, eta, esate baterako, ikusmenaren gunekoak ez direla berritzen bizitza osoan.