Zementuaren ingurumen-inpaktua aztergai
2020/09/24 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zementua eta hormigoia dira gizakiok munduan gehientsuen erabiltzen ditugun material artifizialak. Hala, horiek sortzeak zer nolako ingurumen-inpaktua duen aztertu du Nature aldizkariak argitaratutako berrikuspen batek. Metal astunak atmosferara igorri eta baliabide naturalak erauzteaz gain, zementua ekoizteak CO2-igorpen esanguratsua eragiten duela ondorioztatu dute, eta ingurumen-inpaktu hori murrizteko estrategiak aztertu dituzte.
Bataz beste 4 gigatona zementu sortzen dira urtero; munduko elikagai-ekoizpenaren pare. Hain zuzen, eraikuntza-jarduerek atmosferara askatzen dituzten 7,7 Gt C02-ren % 36 eragin du zementuak; altzairuaren (% 25), plastikoen (% 8), aluminioaren (% 4) eta adreiluaren (% 1) oso gainetik.
Mundu urbanizatuaren joerak ikusita, hurrengo 50-100 urteetan zementuaren eskaerak nabarmen hazten jarraituko duela iradoki dute ikertzaileek, kontuan hartuta 30 urte eskasetan munduko biztanleria 2.500 milioitan handitzea espero dela. Beraz, ingurumen-inpaktua mugatzeko estrategiak orain landu behar direla adierazi dute.
Ikerketak egin badira ere, oraingoz ez da aurkitu hormigoi armatua kostu ekonomiko txikian ordezkatzeko gai den materialik, eta ez dirudi hurrengo hamarkadetan lortuko denik ere. Beraz, bestelako aukerak aipatu dituzte. Batetik, zementua sortzeko, 1.500 ºC-tara berotu behar izaten dute labe handietan, kareharria deskonposatu dadin, eta prozesu horretan sortzen da CO2 gehien. CO2 gutxiago sortzeko, kareharriaren (CaC03) ordezko beste CaO-iturri bat erabili beharko litzateke, baina kaltzio ez karbonatuaren iturriak oso mugatuak dira praktikan. Beraz, hormigoizko eraikinen hondeaketa-lanetan sortzen diren hondakinak birrindu eta aprobetxatzea proposatu dute. Txinan egindako kalkuluaren arabera, eraikuntza-materialen eskaeraren % 50 lor daiteke berrerabilpenaz, eta tokiko baliabide naturalen gaineko presioa murriztu.
Bestetik, zementua sortzean atmosferara igortzen den CO2-a gerora hormigoiak berak xurgatzeko teknologia garatzeko eskatu dute. Karbonatazio-prozesu horrek altzairuarekin sendotutako hormigoiaren iraunkortasuna kaltetu dezakeela aitortu dute, baina gainerako hormigoi-mota guztientzat karbonatazioa onuragarria dela adierazi dute ikertzaileek, eta, zenbait kasutan, erresistentzia handiagoa eta egituraren porositate txikiagoa eragin ditzakeela. Hortaz, zementuaren % 80 CO2–a xurgatzeko karbonatazio-prozesuetarako erabil daiteke.
Ikertzaileen arabera, ingeniariek diseinuan bertan txertatu beharko lukete hormigoiaren karbonatazioa. Izan ere, zementuaren sorreran CO2-aren igorpena murrizteko garatzen diren estrategia berri guztiak ere ez dira nahikoa izango, ez bada hormigoia bera karbonoa xurgatzeko eta biltegiratzeko baliatzen. Ikertzaileek adierazi dutenez, ordea, ez dago miraria ekarriko duen berrikuntzarik. Alderantziz, eraikuntzan parte hartzen dugun guztion inplikazioak bakarrik ekar dezake aldaketa: legegileena, materialak sortzen dituztenena, arkitektoena, eraikuntza-gerenteena, eta baita eraikinaren jabe izango den herritarrarena ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia