Zenbaki lehenik handiena
2001/12/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Partikularrek egindako ikerketa modan jarri da. Konputazio-ahalmen handia eskatzen ez duten kalkulu asko egin gabe daude, hain zuzen ere, asko direlako. Baina zientzialariek metodo berria asmatu dute kalkulu horiek egiteko. Internet bidez, eginkizun hori egiteko programa sinpleak banatzen dituzte; edozeinek instala dezake programa horietako bat, pantaila-babesle moduan lan egiten duena. Horrela, ordenagailua piztuta izanda, erabiltzen ari ez garen denbora kalkulu horietan ematen du. Azkenik, lortuko diren emaitzak saretik itzuliko zaizkie zientzialariei automatikoki.
Horrelako metodoen bitartez, proteinen toleste-bideak aztertzeari, izar berriak bilatzeari eta antzeko beste ikerketa batzuei ekin zaie azken urteotan. Modu horretan, zenbaki lehenen kalkulua ere egin da, eta, horren bitartez, Mersenne-ren segidaren hogeita hemeretzigarrena aurkitu da.
Mersenne matematikariak proposatu zuenez, edozein zenbaki lehenetik abiatuta, beste zenbaki lehen bat kalkula daiteke formula sinple bat erabilita, 2 p -1, alegia. Hasierako zenbaki hori oso handia denean, kalkulu sinple horrek PUZ-denbora izugarri luzea eskatzen du. Eginkizun hori duen proiektua, Great Internet Mersenne Prime Search (GIMPS) izenekoa martxan da. Azaroaren erdialdean, proiektu horren barruan, eta partikularren ordenagailuen bitartez, segida horren hemeretzigarrena kalkulatu da. Emaitzak 2 milioi digitu inguru ditu, eta 20 urteko Michael Cameron kanadarrak lortu zuen. Orain, ordenagailu erraldoi baten bidez erantzun hori zuzena dela egiaztatzeari ekingo diote.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia