Zenbakiak ere jostalariak dira
1986/12/01 Etxebarria, Jose Ramon | Goñi, Jesus Mari Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hasteko, gure egoera negargarriaren berri ematea justiziazko kontua iruditzen zaigu. Ez digu inork ere idatzi. Ongi irakurri duzue, bai jauna, inork ere ez batek ere ez. Arrabiaz amorraturik, maiteminduarentzat indiferentzia baino gogorragorik ezer ez, dagoenez, erabaki ausarta hartu dugu: ez ditugu azken artikuluan planteatzen genituen galderen soluzioak emango. Alfer galantak zaretenez gero, zeuentzat kalte. Ez duzue inoiz jakingo guk soluzioa ezagutzen genuen ala ez. Horrela zuek ere guk sentitu dugun indiferentziaren sapore mikatz hori dastatzeko aukera izango duzue.
Tintazko mendeku mingarri hau burutu ondoren, odola epeldu egin zaigu, nerbioak lasaitu eta begietako gorria zuriagotu. Prest gaude, beraz, beste abentura matematiko batean hasteko. Oraingo honetan Logikako kontuak alde batera utziz, Aritmetikaren mundura bueltatuko gara.
Har itzazu kalkulagailua, papera eta luma.
Hona hemen lehen jokua.
Aukera ezazu hiru zifra dituen zenbakiren bat, zuk nahi duzun bat; 563 zenbakia adibidez.
Errepika itzazu zifra horiek berriro ordena berean sei zifrako zenbakia osatuz:
563 æ 563563
Har ezazu azken zenbakia eta 7 zenbakiaz zatitu
563.563 : 7 = 80509
zatidura exaktoa da!!!
Hartu emaitza eta 11 zenbakiaz zatitu
80509 : 11 = 7319
berriro ere zatidura exaktoa,
hori gauza!!!
Hartu berriro emaitza eta 13 zenbakiaz zatitu
7319 : 13 = 563
berriro ere exaktoa, eta gainera hasierako zenbakia;
gehiegi for the body, guau!!!
Zergatik? Hara gure mendekua: jakin nahi baduzu saia zaitez horretan. Guztiz bihotzgogorrak ez garela frogatzearren, ebazpidea zatigarritasuna ikertuz atera dezakezula abisatzen dizugu.
Eta beste zifra desberdinak erabiliz, gauza bera gertatuko al da? Begira ezazu.
Hona hemen beste joku bat.
Aukera ezazu zure gustoko zifra bat, edota arrabiarik handiena ematen dizuna; berdin dio. 5a adibidez.
Errepika itzazu 6 aldiz
555.555
Har ezazu zenbaki hori eta 3 zenbakiaz zatitu:
555.555 : 3 = 185.185
Beraz aurreko adibidean sarturik gaude eta ondorioz zenbaki honek lehenago aipatutako propietateak izango ditu.
185.185 : 7 = 26.455
25.455 : 11 = 2.405
2.405 : 13 = 185
Hona hemen beste bat:
Aukera ezazu bi zifra dituen zenbaki bat; 37a adibidez.
Errepika ezazu 3 aldiz
373737
Har ezazu zenbaki hori eta 3 zanbakiaz zatitu:
373737 : 3 = 124579
Emaitza 7az zatitu:
124579 : 7 = 177979
Emaitza 481 zenbakiaz zatitu
17797 : 481 = 37
harrigarria, ezta?
Bukatzeko, asmakizun bat kalkulagailua erabiliz:
Aukera ezazu hiru zifra dituen zenbaki bat, baina teklatuan agertzen den zutabe, errenkada edo diagonalen bat izanik.
Adibidez: 753 diagonala
654 errenkada
582 zutabea
Ikusten duzunez zifren ordena garrantzirik gabekoa da.
Biderka ezazu eskuineko zutabean dagoen zifra batez (3, 6 edo 9az).
753 x 6 = 4518
Zenbaki hau beti izango da 9aren multiplo, bi biderkagaiak 3aren multiplo direlako.
Hemendik, ondorengo truko, matematiko hau atera daiteke:
- Eskatu, zuk kalkulagailua ikusi gabe, lehen baldintza betetzen duen zenbaki bat idaztea.
- Eskatu biderkaduraren zifra guztiak, azkena ezik.
Egizu gauza bera bigarrenarekin eta agindu biderkaketa egin dezan.
Orduan kalkulagailuak emandako emaitza esango diozu. Zeren eta emaitza kalkulatzeko gelditzen den zifra asmatzeko, nahikoa bait da esandako zifra guztiak batu eta 9aren hurrengo multiplorako falta dena kalkulatzea. Arrazoia begien bistakoa da: zenbaki bat 9aren multiplo bada, bere zifren batura ere 9aren multiplo da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia