Zenbat asteroide erortzen dira Lurrera?
2002/11/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Oro har, Lurra etengabe behatzen duten satelite militarrek leherketa atomikoak bilatzen dituzte. Dena dela, satelite horiek beste hainbat gauza ere ikusten dituzte, espaziotik Lurrera erortzen diren asteroideak, besteak beste.
Ikuspuntu pribilegiatu horren eskutik, astronomoek erorketa horien estatistika kalkulatzeari ekin zioten duela bi hilabete, eta Nature aldizkariaren aste honetako zenbakian emaitzak argitaratu dituzte. Asteroide-kopurua zenbatzeaz gain, sateliteen irudiei esker, harri horien tamaina eta beste ezaugarri batzuk zehaztu ahal izan dituzte.
Atmosferan sartzen direnean, marruskadurak erretzen ditu asteroideak. Horietako asko ez dira Lurraren azalera ere iristen. Sateliteetatik erretze horretan sortzen den argia ikusi dute zientzialariek, eta, argi horren iraupenetik eta intentsitatetik abiatuta, asteroidearen ezaugarriak kalkulatu dituzte.
Uste baino gutxiagotan
Hondamenen beldur direnentzat, kalkuluaren emaitzak lasaigarriak dira. 5.000 tona TNTko leherketa batek bezainbat energia askatzen duen asteroide bat urtean behin bakarrik jausten da. Eta, gainera, askatutako energia gehiena atmosferan xahutzen da. Hilabetean behin erortzen da, gutxi gorabehera, 300 tonako energia askatzen duen harri bat jausten da gehienez.
Beharbada, asteroide handiekin zerikusia duena da kalkuluak eman duen datu esanguratsuena. Kalkuluen arabera, 50.000 tona TNTko leherketa baten pareko ondorioak eragiten dituzten asteroide handiak 10 urtean behin jausten dira; eta eraikin baten tamainako erraldoiak, 1.000 urtean behin bakarrik.
Asteroide erraldoi horietako bat 1908an erori zen Tunguska ibaian, Siberian. Beraz, 1.000 urtean behin erortzen diren horietako bat duela 100 urte erori zen. Lasaigarria, benetan.
1994ko hasiera eta 2002ko irailaren arteko datuekin atera daitezkeen ondorioak dira horiek. Ondo kalkulatuta daude estatistikak? Aurreko edozein kalkulu baino hobeto omen daude. Estatistikak, estrapolazioak direnez, neurri bateraino gezurrak dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia