}

Zentral nuklear bat etxe azpian

2009/01/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aurten aurreko urteetan baino Gabonetako argi gutxiago jarri dituzte herri eta hiri askotan, energia aurrezteko asmoz. Izan ere, krisia dela eta, petrolioa eta petroliotik ateratako energia inoiz baino garestiago daude, eta, beraz, erabat logikoa da kontsumoa gutxitzeko neurriak hartzea. Bitartean, energia sortzeko bide berriak garatzen ari dira zientzialariak, eta, orain, Hyperion konpainiak soluzio bat aurkeztu du: mini-zentral nuklearra.

Hyperion Estatu Batuetako Los Alamos laborategiak sortutako enpresa da. Laborategi hori ospetsua da fisika, kimika, ingeniaritza eta beste arlo batzuetan egiten dituen ikerketengatik, eta, batez ere, han egin zutelako lehen bonba atomikoa.

Basamortuko herrientzat ere aproposa izan omen daiteke mini-zentral nuklearra.
(Argazkia: Hyperion)

Orain Hyperionek merkaturatu nahi duen erreaktore nuklearra instalazio militarretan ere erabil daiteke, web gunean azaltzen dutenez. Baina merkatu hori mugatua da, eta beste era bateko instalazioetarako ere aproposa dela esaten dute, besteak beste, ospitale eta unibertsitate-campusetarako. Hala, Hyperionekoen esanean, “segurtasuna, fidagarritasuna edo ekonomia tarteko, tokiko energia-horniduratik independente izan nahi duen†edozeinentzat da egokia.

Horrez gain, soluzio ona omen da energia ekoizten den tokietatik urruti dauden enpresentzat edo herrientzat, adibidez, meatzeentzat, edo basamortuko herrientzat. Azken adibide hori irudi eta guzti erakusten dute web gunean: irudian, Afrikako herrixka batean, lurrazpiko ura edangarri bihurtzeko instalazio bat ageri da, mini-zentral baten energiaz funtzionatzen.

Hyperionekoen arabera, ekoizten dituzten erreaktoreak garbiak dira, seguruak eta fidagarriak, eta arrazoizko prezioa dute. Garbiak dira, ez dutelako karbono dioxidorik isurtzen atmosferara; seguruak, sistema kontrolatuena delako; fidagarriak, eguneko 24 ordutaneta asteko zazpi egunetan funtzionatzen dutelako, eguna haizetsua edo lasaia, eguzkitsua edo euritsua izanda ere; eta merkea da, bai dolarretan neurtuta bai ingurumenean duen eraginari begiratuta.

Erreaktore bakoitzak hozkailu baten neurria du, eta 20.000 etxe hornitzeko adina energia sortzen du. Hogei milioi euro balioko duela kalkulatzen dute; beraz, etxe bakoitzari 1.000 euro kostatuko litzaioke. Trenez, kamioez edo itsasontziz garraia daiteke, eta lur azpian instalatzen da. Bost urte irauten du erregaiak, eta, denbora hori igarotakoan, Hyperionera bidali behar da, erregaia alda dezaten. Bitartean, bere kabuz funtzionatzen du, beste ezeren beharrik gabe.

Erreaktorea martxan

Erregaia uranio hibridoa da, hau da, hidrogeno asko absorbatu duen uranio aberastua. Uranio-nukleoa fisioz desintegratzen den neurrian, neutroiak igortzen ditu; hidrogenoak, berriz, moderatzaile-lana egiten du, hau da, neutroien abiadura moteltzen du, eta moteldutako neutroiek beste uranio-nukleo batzuk zatitzen dituzte. Hala, erreakzio-katea ez da eteten, eta erreakzio-kate horretan sortutako beroa erabiltzen da, hain juxtu, instalazioak energiaz hornitzeko.

Bero gehiegi sortuko balitz, sistemak berak geldituko luke erreakzio-katea, eta, hartara, ez litzateke arazorik egongo. Hondakin erradioaktiboak ere kontrolpean daude, erreaktorea erabat itxia baita. Hortaz, aldatzera eramandakoan, han behar bezala gordeko litzateke, erradioaktiboa izatea utzi arte.

Hyperionek prest du hori guztia. Orain merkatua aztertzen eta bezeroak bilatzen ari dira. Diotenez, Europa Ekialdeko talde batek sei ale erosteko asmoa du, eta litekeena da Txekiar Errepublikako TES ingeniaritza-konpainiak 44 erostea. Edonola ere, lehenengoa ez dute 2013. urtea baino lehenago saltzea espero.

Horretarako, ordea, oztopo bat baino gehiago gainditu beharko dute seguruenik. Izan ere, litekeena da mini-zentralen teknologia erabat garatuta izatea, baina oso litekeena da, halaber, jendeak errezeloz hartzea. Edo, batek daki, agian denek onartuko lukete erreaktore nuklear bat etxe azpian.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia