}

Zentzumen anitzeko terapiaren altxorra

2018/08/02 Irantzu Rico Barrio - Medikuntza eta Erizaintzako irakaslea eta Neurozientziak Saileko ikertzailea, EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bidaiatu, korrika egin, sexu-harremanak izan, instrumentu bat jo, gidatu, hizkuntza bat ikasi… ez dira bakarrik gure eguneroko ohikeria osatzen duten ekintza hutsalak. Bizi garen ingurune aberastuan, zentzumenen garapena sustatzen dute horrelako jarduerek, eta haien erabilera terapeutikoa tresna baliagarri gisa ikusi izan da, hainbat gaixotasunen sintomak atzeratzeko edo hobetzeko, mendekotasunei aurre egiteko, eta abarretarako. EHUko Neurozientziak Sailean ikertzen ari gara ingurune aberastuko terapiak nola lagun dezakeen alkoholaren menpe bizi diren edo bizi izan diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen.

Ingurune aberastua objektuen, gizarte-elkarrekintzaren eta ariketa fisikoaren konbinazioa da. 1947. urtean, ingurune horien onurak deskribatu zituen lehen aldiz Donald Hebb psikologo kanadarrak. Horretarako, bere bizitetxeko bazterrak esploratzera eraman zuen laborategiko ohiko kaioletan hazten ari zen arratoi-kumaldi baten erdia. Arratoiak, etxe-animalia gisa, aske ibili ziren, arineketan, alde batetik bestera barruko objektu guztiak aztertzen, arakatzen; beren zentzumenak esponentzialki kitzikatzen. Ondoren, oroimeneko portaera-probak egin zizkien Hebbek, eta ohartu zen etxean libre bizi ziren arratoiek nabarmenki eta hobeki gainditzen zituztela ohiko laborategiko kaioletan hazitako arratoien portaera-proben emaitzak. Ingurune aberastuen ikerkuntzaren iraultza hasi zen orduan.

Ordutik, hainbat eta hainbat ikerketa zertu dira. Ingurune aberastuak erabiltzeak aldaketa anatomikoak eragiten ditu; besteak beste, deskribatu da kortexaren pisua, lodiera zein tamaina handiagotzen direla, eta ikasteko ahalmenarekin eta oroimen-prozesuekin erlazionatuta dagoen eremu anatomikoaren, hau da, hipokanpoaren, bolumena handitzen dela. Zentzumenen garapena eta kitzikapena bultzatzeaz gain, zenbait sorrera-prozesu sustatzen ditu, hipokanpoan bereziki, hala nola angiogenesia (lehendik dauden odol-hodietatik odol-hodi berriak sortzea) sinaptogenesia (sinapsiak eratzea), neurogenesia (neuronak sortzea) eta faktore neurotrofikoen adierazpena eta askapena (1. irudia). Horrez gain, frogatu da apoptosi-prozesua (zelulen heriotza programatua) gutxitzen duela. Prozesu horiek guztiak egiaztatu direnetik,  tresna boteretsu, baliotsu eta preziatu bilakatu dira ingurune aberastuak, zeinak zentzumen anitzeko terapia gisa proposatu eta erabili baitira hainbat gaixotasunetan, pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko.

Gaixotasunari aurre egiteko... aberastu!

Azken hamarkadetako ikerketek argi erakutsi eta berretsi dute ingurune berezi horiek oso mesedegarriak eta osasungarriak direla. Alzheimerren gaixotasunean kasu, zentzumen anitzeko terapiak amiloide-metaketa (Aβ) asko murriztea eragiten du, eta zuzenki erlazionatu da saguen hobetze kognitibo adierazkor batekin. Era berean, Parkinsona eragiten duen MPTP konposatu neurotoxikoarekiko erresistentzia handitzen du terapia honek. Hungtinton izeneko gaixotasunean, berriz, gaixotasunaren ondorioz gertatu ohi den proteina-eskasia leheneratzen du ingurune aberastuak, eta, hala, eritasunak saguei eragiten dien koordinazio motorraren gabezia arintzen. Baina terapia honen onurak ez dira bakarrik hauteman neuroendekapenezko gaixotasunetan. Autismoan, garuneko hodietako istripuetan, garuneko lesio traumatikoetan, epilepsian, depresioan eta hainbat gaixotasun genetikotan ere nabariak izan dira efektu osasungarriak.

1. irudia. Ingurune aberastuak garunean eragiten dituen aldaketak, eta horren ondorioz hainbat gaixotasunetan izan duen erabilera terapeutikoa. Arg. Servier Medical Art-etik moldatua

Bestalde, azpimarratu beharra dago baldintza berezi horiek oso eragin onuragarriak izan ditzaketela substantzien menpekotasuneko kasuetan eta drogen gehiegizko erabileraren kontra. Ingurune aberastuak eskaintzen dituen berritasunari, ariketa fisikoari eta elkarrekintza sozialari esker, behin eta berriz aktibatzen dira garuneko sari-zirkuituak, eta, ondorioz, murriztu egiten da drogen menpekotasunean hain bereizgarria den substantzia psikoestimulatzaileen autokudeaketa konpultsiboa. Era berean, egiaztatu da gutxiagotu egiten dela arratoien drogekiko kalteberatasuna ere. Hori dela eta, zentzumen anitzeko terapia punta-puntako jardun bilakatuz joan da drogen menpekotasunari aurre egiteko, bai prebentzio-neurri bai tratamendu gisa (1. irudia).

Alkohola: aisialditik heriotzara

Ospakizunak, txokoan lagunartean egiten diren afariak, jaialdiak, festak, familiarteko bazkariak… Euskal kulturan, aisialdiari txit errotuta dago alkohol-kontsumoa, ohitura normaldua da. Hala ere, Munduko Osasun Erakundearen arabera, alkohola da (kokainaren, bizigarri sintetikoen, haluzinogenoen edo kannabis-deribatuen gainetik) pertsonen osasun fisikorako, psikikorako eta sozialerako drogarik arriskutsuena. Alde batetik, epe motzeko arriskuak ekar ditzake: auto-istripuak, intoxikazio etilikoen ondoriozko koma-egoerak edo bat-bateko heriotza, adibidez. Bestalde, hain ezagunak ez diren epe luzeko ondorio organiko eta psikologikoak ere baditu. Izan ere, kalte horiek jasateko arriskua handiagotu egiten da, kontsumoa nerabezaroan hasi bada, non garunean etengabeko garapen- eta heltze-prozesu bat gertatzen den.

Nerabezaroan alkohol gehiegi kontsumitzeagatik gertatzen diren epe luzeko efektu kaltegarriak ikertzen hasi ginen EHUko Neurozientziak Saileko laborategiko ikertzaileak, duela urte pare bat. Saguekin egindako ikerkuntza-proiektu honetan, gazteek asteburu oro egiten duten kaleko edanaren ereduaren baliokidea erabili zen, hau da, epe labur batean betekadetan oinarritutako alkohol-kontsumoa.

Ikerlan honetan behatutako emaitzen arabera, alkoholak eragiten dituen efektu kaltegarriak epe luzera mantentzen dira. Batez ere, oroimeneko portaera-probak egitean hautematen da hori. Nerabezaroan kaleko edanaren ereduan murgildutako saguek ezagutze- eta asoziazio-oroimen okerragoak erakutsi dituzte, kontrol-taldeekin alderatu direnean. Ildo horretan, halaber, nabaria izan da oroimen espazialaren galera, eta horrek narriadura kognitibo adierazgarria islatzen du. Gainera, nerabezaroan alkohola edaten duten saguek koordinazio motor eta oreka kaskarragoa dute.

Emaitza horiek ikusita, gure taldeak beste pauso bat ematea proposatu zuen: aztertzea ingurune aberastuko terapiak zer eragin onuragarri izan zezakeen gehiegizko alkohol-kontsumoaren ondorioz saguetan gertatutako garun-lesioak berreskuratzen.

Ingurune aberastua alkoholismo-tratamendu gisa

Kaleko edanaren ereduan murgildutako saguak, beraz, ingurune aberastuko kaioletan sartu ziren bi astez. Ohiko laborategi-kaiolak baino handiagoak dira, eta korrika egiteko gurpilak, aldapak, tunelak eta askotariko kolore, tamaina eta ehunduratako objektuak dauzkate, animalien zentzumenak kitzikatzeko eta ariketa fisikoa eta elkarrekintza soziala sustatzeko, eta, hala, garunaren garapen-prozesuko aldaketa molekular, anatomiko eta funtzionalak bermatu ziren.

Jasotako emaitzak oso argigarriak izan ziren, agerian utzi baitzuten edariaren menpe bizi diren edo bizi izan diren pertsonen bizi-kalitatea hobetu zitekeela. Alde batetik, baldintza berezi horiek guztiz leheneratu zuten narriadura kognitiboa; izan ere, oroimen espaziala, ezagutze- eta asoziazio-oroimenak guztiz berrezarri zitzaizkien, eta, era berean, koordinazio motorra suspertu eta oreka osatu (2. irudia).

2. irudia. EHUko Neurozientziak Saileko ikertzaileek behatutako emaitzak. Ingurune aberastuko baldintzen bitartez berreskuratzen dira alkoholak eragindako narriadura kognitiboa eta koordinazio motorreko eta orekako kalteak. Arg. Servier Medical Art-etik moldatua

Zentzumenen altxorra, oinarrizko ikerkuntzatik osasun-sistemara

Jaiotzen garen unetik izaki bizidun hilkorrak gara, eta, errusiar erruleta erraldoi baten barruan murgilduta jolasten ari bagina bezala, gure liparra itxaroten dugu, lokiaren parean katua sakatzean zer “bala” edo gaixotasun egokitu ote zaigun iragarri nahian. Neuroendekapenezko gaixotasuna, minbizia, infartua, apika?

Ingurune aberastuak pistola horren segurtasun-itxigailu gisa jokatzen du, gaixotasun edo “bala” horren sintomak atzeratzen baititu. Dagoeneko ezaguna da Snoezelen deritzon terapiak zer ondorio osasungarri eragiten dituen berehala; erlaxazioan eta ongizate pertsonalean oinarritutako zentzumen anitzeko terapia da, 70. hamarkadan Herbehereetan sortua. Urteak pasatu ahala, erabat onartu ziren kontzeptu berri horrek eragiten dituen onurak Europa iparraldeko herrialdeetan, Kanadan, Australian eta Estatu Batuetan, esaterako. Hala ere, 90eko hamarkadara arte ez zen bistaratu teknika horren erabilera terapeutikoa, desgaitasun psikikoa eta dementzia zituzten pertsonen artean bereziki.

Gaur-gaurkoz, ordea, eskurago daukagu ingurune aberastuko terapia; dagoeneko abian jarri da Euskal Herrian, lehenengo arreta-gunea 2011. urtean zabaldu baitzen Donostian. Terapia-eredu honek eskaintzen duen berritasuna herritarren beharretara ondo egokitzen den frogatzea du helburu guneak, eta, horretarako, besteak beste terapia kognitibo-sentsorialak eskaintzen dizkiete desgaitasunen bat duten umeei eta helduei.

Horrenbestez, ikuspuntu baikor bat hautematen da, alkoholismoaren menpe bizi izan diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Izan ere, adingabeko gazteen gehiegizko alkohol-kontsumoaren prebalentzia-tasa eta larregizko kontsumo horrek nerabezaroan bereziki dakartzan kalteak kontuan hartuta, bai osasun-sistemak bai herritarrek aho batez eskatu dute prebentzio-egitasmoak edo tratamendu berriak ikertzeko. Haatik, sarritan, zaildu egiten da prebentzio-egitasmo horien helburua lortzea. Euskal kulturan bereziki, non kirol olinpikotzat jotzen den ukondoa goratzea eta zurrut egitea.

Alkoholaren arrisku-kontsumoa gizartean normalizatuta egoteak eta, bereziki, historikoki, kontsumo hori aisialdiaren kulturari errotuta egon izanak behartzen gaitu aisialdiaren eta alkohol-kontsumoaren arteko balantzaren oreka mantentzera. Eta bidea erraza da, egingarria da. Berezko ingurune aberastu iraunkor eta inkontziente batean bizi gara. Norberaren esku dago bere baitan dagoen baliabide hori baliatzea eta aprobetxatzea. Dastamena, ukimena, ikusmena, usaimena eta entzumena. Bost zentzumen. Altxor bat.

Eskerrik asko Izaskun Elezgarairi, ikertzaileon alderik onena ateratzen dakien irakasleari.

 

Bibliografia

Bennett, EL.; Rosenzweig, MR.; Diamond, MC.: “Rat brain: effects of environmental enrichment on wet and dry weights”. Science, 163 (1969), 825-826.

Berardi, N.; Braschi, C.; Capsoni, S.; Cattaneo. A.; Maffei. L.: “Environmental enrichment delays the onset of memory deficits and reduces neuropathological hallmarks in a mouse model of Alzheimer-like neurodegeneration”. J. Alzheimers Dis, 11 (2007), 359-370.

Birch, AM.; McGarry, NB.; Kelly, AM.: “Short-term environmental enrichment, in the absence of exercise, improves memory, and increases NGF concentration, early neuronal survival, and synaptogenesis in the dentate gyrus in a time-dependent manner”. Hippocampus, 23 (2013), 437-450.

Chen, X.; Zhang, X.; Xue, L.; Hao, C.; Liao, W.; Wan, Q.: “Treatment with Enriched Environment Reduces Neuronal Apoptosis in the Periinfarct Cortex after Cerebral Ischemia/Reperfusion Injury”. Cell Physiol Biochem, 41 (2017), 1445-1456.

Diamond, MC.; Ingham, CA.; Johnson, RE.; Bennett, EL.; Rosenzweig, MR.: “Effects of environment on morphology of rat cerebral cortex and hippocampus”. J Neurobiol, 7 (1976), 75-85.

Fares, RP.; Belmeguenai, A.; Sanchez, PE.; Kouchi, HY.; Bodennec, J.; Morales, A.; Georges, B.; Bonnet, C.; Bouvard, S.; Sloviter, RS.; Bezin, L.: “Standardized environmental enrichment supports enhanced brain plasticity in healthy rats and prevents cognitive impairment in epileptic rats”. PLoS One, 8 (2013).

Green, TA.; Gehrke, BJ.; Bardo, MT.: “Environmental enrichment decreases intravenous amphetamine self-administration in rats: dose-response functions for fixed- and progressive-ratio schedules”. Psychopharmacology, 162 (2002), 373-378.

He, C.; Tsipis, CP.; LaManna, JC.; Xu, K.: “Environmental Enrichment Induces Increased Cerebral Capillary Density and Improved Cognitive Function in Mice”. Adv Exp Med Biol, 977 (2017), 175-181.

Hebb DO.: “The effects of early experience on problem-solving at maturity”. Am Psychol, 2 (1947), 306-307.

Ickes, BR.; Pham, TM.; Sanders, LA.; Albeck, DS.; Mohammed, AH.; Granholm, AC.: “Long term environmental enrichment leads to regional increases in neurotrophin levels in rat brain”. Exp Neurol, 164 (2000), 45-52.

Johnson, EM.; Traver, KL.; Hoffman, SW.; Harrison, CR.; Herman, JP.: “Environmental enrichment protects against functional deficits caused by traumatic brain injury”. Front Behav Neurosci, 7 (2013), 44.

Kondo, M.; Gray, LJ.; Pelka, GJ.; Christodoulou, J.; Tam, PP.; Hannan, AJ.: “Environmental enrichment ameliorates a motor coordination deficit in a mouse model of Rett syndrome-Mecp2 gene dosage effects and BDNF expression”. Eur. J. Neurosci, 27 (2008), 3342-3350.

Kreilaus, F.; Spiro, AS.; Hannan, AJ.; Garner, B.; Jenner, AM.: “Therapeutic Effects of Anthocyanins and Environmental Enrichment in R6/1 Huntington's Disease Mice”. J Huntingtons Dis, 5 (2016), 285-296.

Kyzar, E.J.; Zhang, H.; Sakharkar, AJ.; Pandey, SC.; “Adolescent alcohol exposure alters lysine demethylase I (LSD I) expression and histone methylation in the amygdale during adulthood”. Addiction Biology, 1-14.

Ruitenberg, MJ.; Wells, J.; Bartlett, PF.; Harvey, AR.; Vukovic, J.: “Enrichment increases hippocampal neurogenesis independent of blood monocyte-derived microglia presence following high-dose total body irradiation”. Brain Res Bull, 132 (2017), 150-159.

Spires, TL.; Grote, HE.; Varshney, NK.; Cordery, PM.; van Dellen, A.; Blakemore, C.; Hannan, AJ.: “Environmental Enrichment Rescues Protein Deficits in a Mouse Model of Huntington's Disease, Indicating a Possible Disease Mechanism”. Journal of Neuroscience, 24 (2004), 2270-2276.

Thiriet, N.; Amar, L.; Toussay, X.; Lardeux, V.; Ladenheim, B.; Becker, KG.; Cadet, JL.; Solinas, M.; Jaber, M.: “Environmental enrichment during adolescence regulates gene expression in the striatum of mice”. Brain Res, 1222 (2008), 31-41.

Woo, CC.; Leon, M.: “Environmental Enrichment as an Effective Treatment for Autism: A Randomized Controlled Trial” .Behav Neurosci, 72 (2011), 406-411.