Zer diote estromatolitoek biziaren hasierako une haiei buruz?
2006/06/14 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Estromatolitoak mikroorganismo batzuek eragiten dituzten bioeraikinak dira, sedimentuz osatutako egitura bereziak, azken finean. Hori dute definizioa, baina hainbat estromatolitotan zalantzan jartzen dute izaki bizidunek eginak ote diren edo era abiotikoan sortutako egiturak ote diren.
Zalantza hori izan da Australiako Pilbara eskualdeko estromatolitoekin, esate baterako. Bada, Nature aldizkarian argitaratu berri duten artikulu baten arabera, zinez bizidunek sortuak dira egitura horiek (kono-itxurakoak, uhin-itxurakoak, gailurtxoz josiak edo kartoizko arrautza-ontzien itxurakoak).
Benetan hala bada, ondorio garrantzitsuena izango litzateke duela hiru mila eta laurehun milioi urte mikroorganismoen dibertsitatea oso handia zela, egitura-mota bakoitza mikroorganismo batek sortua baita. Beraz, bizia sortu (duela lau mila milioi urte inguru) eta gutxira dibertsifikatu zen. Eta artikulua argitaratu duten Australiako ikertzaileak urrunago joan dira ondorioetan: garai hartan Marten Lurraren antzeko baldintzak zeudenez, han ere posible izango zen bizia sortu eta dibertsifikatzea, nahiz eta askoz urrutiago iritsi ez.
Argazkia: A. Allwood.