}

Zer egoeratan dago okapia gaur egun?

2020/01/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Ez dakigu asko Afrikari buruz. Ezjakintasun hau txikitzeko salto egingo dugu Afrikako erdialdean dagoen herrialde handi batera: Kongoko Errepublika Demokratikora. Bere hiriburua Kinshasa da, eta herrialdearen barruan, mila sekretu.
zer-egoeratan-dago-okapia-gaur-egun
Okapia - Arg. Raul654 / CC BY-SA 3.0

Besteak beste, eta naturari dagokionez, Kongoko bihotzean animalia harrigarriak bizi dira. Gorilak, adibidez, Kongoko mendietan bizi dira eta gaur aipatu nahi nuen beste animali arraro bat ere bai: okapia. Okapia jirafaren familiakoa da eta haren antza pixka bat badu. Askotan aipatu da okapia jirafa eta zebraren arteko nahaste bat dirudiela. Antilope marroi bat ematen du, baina ipurdian marrak ditu, zebrek gorputz osoan bezala.

Dugun ikuspegi Europazentristaren eraginez, duela gutxi arte, okapia ezezaguna izan da guretzat. Esploratzaileek XIX. mendearen bukaeran izan zuten lehenengoz haren berri. Kongokoek, noski, betidanik ezagutzen zuten, baina europarrentzat ezuste ederra izan zen okapia aurkitzea. Hain zuzen ere, izen zientifikoa Okapia johnstoni du, Sir Harry Johnston esploratzailearen omenez.

Baina, zer egoeratan dago okapia gaur egun? Bada, zaila da galdera horri erantzutea. Gaur egun ere, okapia ikustea zaila delako. Baso itxian bizi da, eta, gainera, gauez mugitzen da askotan. Horregatik, okapia ikertzeko, askotan, gorotzak bilatuta egiten da.

Horrez gain, Kongoko egoera ez da erraza izan azken hamarkadetan. Gatazka armatuak izan dira eta ez da erraza izan okapiaren segimendua egitea.

Zailtasunen ondorioz, okapiaren egoera oso-oso txartzat jo izan da urteetan, eta agian halakoa da. Baina 2006an berriz ikusi zuten Virunga Parke nazionalean. 50 urte ziren azkenekoz ikusi zutela okapia, eta albiste ona izan zen. 2008an, okapiaren argazki gutxi batzuk egitea lortu zuten; hala ere, oso zaila da bere segimendua egitea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia